Pantailaren distirak itsutu ez ditzan
Haurrek eta gaztetxoek pantailen eta Interneten gehiegizko erabilera egiten duten kezkatuta, argibide eta aholku batzuk eman ditu Rakel Gamito irakasleak Lazkaon. Ez da ausaz uztekoa.
Mundu honetatik apartekoak dirudite datuek: minutu bakar batean, planeta osoan 69 milioi Whatsapp mezu bidaltzen dira, edo 197 milioi email igorri. Tamaina beretsuan beste aplikazio eta zerbitzuetan ere. Izatez, beste mundu batekoak dira izan, mundu digitalekoak, errealitateko bizikerari sarri gain hartu dion dimentsio horretakoak. Bien arteko uztarketa eta trantsizioa ez dirudi oso natural egin denik, eta, haurren nahiz gaztetxoen artean batik bat, kezka eragin du «pantailen» gehiegizko erabilerak. Alde negatiboak, kaltegarriak nahiz positiboak bai baititu azaltzeko, hitzaldia egin zuen herenegun Rakel Gamito adituak Lazkaon.
Ia bi orduko azalpenak lerro gutxitan laburtzea ezinezko den arren, bi kontsigna nagusi eman zituen bukaeran: «Gurasoek izan behar dute eredu haurrentzat», pantailen eta teknologien erabileran ere, eta mundu digitaleko arriskuen atzean pertsonak eta haien gaiztakeria dago, sarri «uste baino gertuago eta errazago».
Aholkuak eta gomendioak
Osasunaren Mundu Erakundeak bi urte arte umeari pantailarik ez ematea gomendatzen du; 2-4 urte artean, egunero gehienez ordubete. Benetako datua da 1-3 artekoek egunero bi ordu eta erdi igarotzen dutela pantaila «kontsumitzen».
Sakelako telefonoa da beste amu bat. 6-15 urte artekoen %99,1 Interneten ohiko erabiltzailea da, eta %75,9k dauka norbere mugikorra. «Geroz eta lehenago hasten dira mugikorrarekin», ohartarazidu Gamitok. Eta, eskola orduetatik aparte, 9-11 urtekoek egunean 131 minutu igarotzen dute, 12-14koek 202 minutu, eta 15-16koek 253 (4 ordu).
«Bizitzako beste gauza batzuei kentzen diete denbora: familiako edo lagunekiko harremanei, edota atsedenari. Ikasleak gero eta nekatuago joaten dira eskolara, lo gutxiegi eginda». Pantailen gehiegizko erabilera ere hor zenbakitu du Gamitok: «Beste gauza batzuei denbora kentzen hasten zaienean, pantaila aurrean gehiegi daudela ulertzen da».
Arazo ugariren iturri
Ohitura horrek hainbat arazo dakarzkie haurrei eta nerabezaro atariko gaztetxoei. Pantailei dagokienez, ikasketa arazoak, fisikoki postura txarren minak, jolasteko gaitasun galtzea, sormen falta aspertzearen aldarrikapena egin du; «aspertzen ez badira, sormena ez da martxan jartzen», edo alderdi emozionalean estresa.
Interneten berezko arriskuak daude, gero: ziberjazarpena, helduek umeei egiten dieten sexu jazarpena edo grooming-a, material intimoa partekatzearen ondoriozko xantaiak (sexting-a eta sextorsion-a deitua), edo eduki ezegokiak jasotzea: pornografia, irudi arrazistak, matxistak, bulimiaren aldekoak…
Interneteko eduki aldaketen azkartasunak, bestetik, azterketa kritikoa eragozten du, erronkak «egin beharra» sentitzeraino. «Pantailaren bestaldekoa pertsona dela ere ahazten dugu».
Alde onak eta ondorioak
Alderdi positiboak ere aztertu ditu EHUko doktore Gamitok. Mundua ulertzeko informazio eta konexioa, komunikazioa eta harremanak indartzea, hezkuntza praktikak sakontzeko; edo garapen kongnitiboa, digitala eta sormena indartzeko balio du.
Seguru erabiltzeko, gehiegizko erabilera saihestu, eta begi kritikoa zorroztea dira gakoak: ikusitakoa ez dela kasuala ulertzea (kontsumitzaile da), estereotipoak eta eredu irrealak atzeman, eta pribatutasuna zaindu.
«Ondorioak dira egoeraren aurrean gurasoak ez ezkutatzea. Online eremuan ere behar gaituzte haurrek, eta trantsizio kontzientea eta gidatua lortu behar da, eman aurretik landuta». Umeen errealitatera interesez hurbiltzeko aholkatu du.