Ampo Ordiziako jokalariei harrera egin diete bart
Ligako finala jokatu ondoren, gauerdi aldera iritsi ziren Ampo Ordiziako jokalariak herrira. Udaletxeko balkoira atera eta Kawa taldekidea izan dute gogoan.
Finala irabaztea ezinezkoa izan bada ere, horraino iristeak duen meritua ez die inork kentzen. Eta herriak ere eskertu egin nahi izan die ahalegina jokalariei. Gaueko 23:50ak aldera iritsi ziren autobusak, Kataluniatik bueltan. Gudarien etorbidetik udaletxeraino oinez joan ziren jokalariak, herritarren txalo artean. Ondoren, udaletxeko balkoira atera ziren, eta Julen Goia kapitainak eta Iñigo Marotias entrenatzaileak hitz batzuk esan zizkien han bildutako jendeari. “Urte gogorra” izan bada ere, “lagun talde bat juntatzen denean, helburu bat jartzen denean eta zergati bat dagoenean gauzak ateratzen dira, lanarekin gauzak lortzen dira” Ondoren, ohiko haka egin eta Kawa taldekide ohia gogoratu dute. Txarangarekin eta Ordiziarrak gera doinuarekin bukatu da ekitaldia, familia argazkia ateratzearekin batera.












