Herri-kirol festa jendetsua Lazkaomendin
Goierriko zortzi talde aritu dira lehian nor baino nor, eta Urretxu-Zumarragak irabazi du aurten ere. Giro bikaina izan da, eta jendea erruz.
Lazkaomendiko gazteak, gabiriarrak eta ataundarrak, lehen kanporaketako bigarren tandan, trontzan. Iñaki Gurrutxaga Iaz hasitako bideari jarraipena eman diote aurten ere Lazkaomendin, Goierriko herrien arteko herri-kirol desafioa antolatuz. Iaz zazpi izan baziren, aurten zortzi talde aritu dira lehian. Lazkaomendiko beteranoak zuzenean sailkatuta zeuden finalerako, eta aurreko kanporaketatik sailkatutako Urretxu-Zumarragaren eta Beasainen kontra neurtu dituzte indarrak. Aurten ere Urretxu-Zumarragakoak nagusitu dira, kirol guztietan bikain arituz. Bai partaide aldetik, bai ikusle aldetik, festa jendetsua izan da, eta giroa ere pare-parekoa jarri dute kirolariek zein zaleek.
Zazpi talde lehiatu dira lehen kanporaketan, hiru tandatan. Aurrena Beasain (10.41) eta Idiazabal (11.40), bigarrenean Lazkaomendiko gazteak (10.51), Ataun (11.21) eta Gabiria (14.21), eta hirugarrenean Urretxu-Zumarraga (10.00) eta Segura-Zerain (11.53). Hauxe izan dute egin beharreko lana, ordena honetan: Piketeak sartu (2 pikete, 50 cm), Korrika (1 km, 5 buelta), Fardoa (4 plaza, 50 kg), Sokan igo (4 aldiz, eserita), Trontza (2 korte), Txingak ( 2 plaza / neskak 25 kg, mutilak 50 kg), Ingudea ( 40 kolpe neskak 9 kg, mutilak 14 kg) eta Aizkora (kanaerdikoa).
Finalean, harri-zulatzen ere bai
Lehen hiru tandetako denborak aintzat hartuta, Urretxu-Zumarra eta Beasain sailkatu dira finalera, eta Lazkaomendiko beteranoen kontra aritu dira. Aurreko zortzi lanei bat gehitu diote, harri-zulatzea. Eta lanen ordena ere aldatu egin dute: Harri-zulatzea (bi zulo), Korrika (1 km, 5 buelta), Fardoa (4 plaza, 50 kg), Sokan igo (4 aldiz, eserita), Trontza (2 korte), Txingak ( 2 plaza / neskak 25 kg, mutilak 50 kg), Ingudea ( 40 kolpe neskak 9 kg, mutilak 14 kg), Piketeak sartu (2 pikete, 50 cm) eta Aizkora (kanaerdikoa).
Kanporaketa saioa bezalaxe, Urretxu-Zumarragakoak hasiera-hasieratik jarri dira aurretik, eta irabazi egin dute (16.37). Bigarren Lazkaomendiko beteranoak izan dira (17.26) eta hirugarren Beasaingoak (18.28).
BIDEOA ETA ARGAZKIAK. Iñaki Gurrutxaga












