Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo dira dantzari onenak
Euskal Herriko Dantza Sueltoko 46. txapelketa jokatu da Seguran larunbatean. Bergararrak izanik, Gipuzkoako bikote onenaren saria ere beraientzat izan da
Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketa jokatu zen larunbatean Segurako Baratze pilotalekuan, 46. aldiz. Bederatzi bikotek fandangoa eta arin-arina dantzatu behar izan zuten. Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak gailendu ziren. Maren Galvezek eta Gorka Granadok dantza jantzien saria irabazi zuten, eta lehen aldiz aurkezten den bikote onenaren Guillermo Areizaga saria, berriz, Alaia Amubietarentzat eta Amets Amubietarentzat izan zen.
Ohi bezala, Isilkara txistulari taldearen eta Estanga anaia-arreba trikitilarien musikarekin egin zuten dantza bikoteek. Irabazleek dantza egin bezain pronto Euskal Telebistari adierazi zioten «disfrutatzera» joan zirela eta «helburua bete» zutela. Murgiondo Krakovian (Polonia) dabil Erasmus programarekin, eta ezin izan zuten ia aurrez aurre entseatu: «Aiton-amonek galdetu zidaten ea Segurara ez nintzen etorriko». Txapelketara aurkeztu ez ezik, irabazi egin zuten.
Gipuzkoako bikote onenaren saria ere lortu dute lehenengo postu horrekin. Bizkaiko bikote onenaren saria, aldiz, Galvezek eta Granadok eskuratu dute.
Saioaren atsedenaldian Aukeran dantza konpainiak Hurrengo geltokia ikuskizunaren zati bat eskaini zuen.













