Bigarren bizitza ordenagailuei
Enpresa-zerbitzuetan atzera geratutako zazpi ordenagailu berreskuratu, eta 'Digilagun' egitasmoa abiarazi dute Zaldibiako Udalak eta IZTk, beharra daukaten herritarrei emateko. Lehen udalerria Zaldibia da, baina Goierriko eskualde osora eta kanpora zabaldu nahi dute egitasmoa.

Tresna elektronikoen zaharkitze programatua hainbeste kritikatzen den gizarte honetan, urriak dira tresna horiexek berrerabiltzeko, berreskuratzeko eta beste bizialdi bat emateko ekimenak. Zaldibiako Udalak eta IZT Informatika Zerbitzu Telematikoak kooperatibak ekimenera igarotzea erabaki dute. Enpresetan ohiko lan munduko erritmotik atzeratuta geratzen diren edo alboratzen dituzten ordenagailu ekipoak hartu, zaborretara botatzetik libratu, eta behar dutenen eskura ipintzeko Digilagun programa hasi dute.
Lehen udalerria Zaldibia da, baina Goierriko eskualde osora eta kanpora zabaldu nahi dute egitasmoa. IZT enpresak ematen dio Zaldibiako Udalari informatika zerbitzua, eta eskura zeuzkaten zazpi ordenagailu Zaldibiako beste horrenbeste laguni eman dizkiete, Gizarte Zerbitzuen galbahetik igaro ondoren.
IZTk, bere aldetik, 17 urteko lan esperientzia du, eta ehun bezeroren 1.500 ordenagailu mantentzen ditu. «Aldatzen edo baztertzen diren ekipo asko baliagarriak eta erabilgarriak izaten dira oraindik», ohartarazi du IZTko Juani Lizasok.
Bi helburu asetzeko
Kooperatiba den heinean, funtzio sozialari begira ere abiarazi dute Digilagun. Bi helburu lehenetsi ditu Lizasok: «Ingurumenarekin kezkatuta, aztarna ekologikoa gutxitzeko ekarpena da. Zaborretara bota beharrean, bizitza luzatzen diegu ekipoei. Bestetik, gizarteko arrakala digitala saihesten ere laguntzen du, behar dutenei emanda».
Aurreneko emanaldia Zaldibian egin dute, zazpi ekipo. «Zaurgarritasun egoeran» dauden zazpi herritarrek jasoko dute ordenagailu bana, Eztitxu Mujika alkateak esan duenez. Aurrez, IZTk berak testatu, beharrezko konponketak egin, Linuxen sistema eragile librea eta ohiko programak instalatu, eta gutxieneko baldintzetan jarri ditu. «Ordenagailua zeukan bezeroari ere ezabaketa segurua egingo dela bermatzen diogu», dio Lizasok. Teklatua ere berria dute, eta denei wifi antena jarri diete.
Zaldibiako Udaleko gizarte langile Marijo Arrizabalagak azaldu duenez, hartzaileak emakumeak eta etorkinak dira. «Irizpide bat zehaztu da. Helduen Eskolara doazen emakumeak dira, haurrak dituztenak. Beren formakuntzarekin segitu ahal izateko tresna beharrezkoa dute. Guk eskaini diegu, eta interesa badute eman diegu».