'Potto-kontua' hitzaldia eta argazkia, Movember kanpainari amaiera emateko
'Potto-kontua' hitzaldia bihar izango da, 18:30ean, D'elikatuz-en. Markel Irizarrek, Dani Iturbek eta Estibalitz Rekaldek parte hartuko dute. Asteazkenean, kanpaina amaierako argazkia ateratzera deitu dituzte herritarrak.
Aurtengo Movember kanpaina amaitzear da. Osasun mentalaren, suizidioaren prebentzioaren eta testikulu eta prostata minbizien inguruan sentsibilizatzea helburu, aurten ere hainbat ekintza egin dira Goierrin azaroan, Goierri Moherri taldearen eskutik. Hilabetea asteazkenean bukatuko da, eta horrekin batera bukatuko da Movember kanpaina. Bihar, Potto-kontua. Barrabilen minbizia. Azalduko dizuet hitzaldia egingo da Ordiziako D’elikatuz-en, 18:30ean. Markel Irizar txirrindulari profesional ohiak, gaixotasuna pasa duen Dani Iturbek eta Estibalitz Rekalde farmazialariak parte hartuko dute.
Asteazkenean, berriz, Movember kanpaina amaierako argazkia aterako da Ordiziako plaza nagusian, 18:30ean. Kanpainari elkartasuna eta babesa adierazi nahi diotenak deitu dituzte parte hartzera. Argazkiaren ondoren, pintxo-bibotea egingo dute herriguneko tabernetatik.