«Zaldibia leku oso berezia da niretzat, eta oso pozik noa, gogo handiarekin»
Aro honi dagokionez, eta urtea bukatu aurretik, bandarekin egingo duen azken kontzertuetako bat joko du Anarik (Azkoitia, 1970) Zaldibiako antzokian, ostiralean.
Donostian hasi eta Azkoitian bukatu, jaioterrian. Hala planteatu ditu Anarik bandako musikariekin «geldialdi luze» bat egin aurreko asteak. Sei kontzertu denera. Horietatik hirugarrena Zaldibiako Herri Antzokian izango da ostiralean (22:30), Zaldibiako Anarizaleek antolatuta. Azken sarrerak leihatilan bertan jarriko dituzte salgai.
Zer zentzu eman behar zaie udazken-negu honetarako bandarekin joko dituzun sei kontzertu horiei?
Geldialdi luze baten aurretik harrapatzen gaituzte. Zaldibiakoa azken laugarrena izango da, abenduan emango ditugun beste hiru kontzerturen aurrekoa. Diskotik diskorako tarteetan, ibilbide osoko kantuak jotzen saiatzen zara, edo behintzat jotzeko gogoa ematen dizutenak. Azkeneko bi-hiru diskoetakoak esango nuke jotzen ditugula gehiago. Ibilbide osoko kontzertuak dira bai, eta azkeneko kontzertuetan jotzen dugun errepertorio berarekin, kantaren bat edo beste aldatuta. Bakarrik ere abesten dut tarteren batean. Ordu eta erdiko errepertorioa daukagu prest.
Eten baten atarian hortaz.
Eten bat da kantu berriak sortzeko, edo bila hasteko behintzat. Eten beharra dago, abesti zaharrekin daukazun lotura horrek, jendearekin daukazun lotura horrek, ez dizu distantzia hartzen uzten, eta orduan geratu beharra daukat. Beti egin izan dut hori. Bakarrik bai segituko dut, bakarrik arituta ematen dit aukera beste era batera aritzeko. Bakarrik jotzen gustura segitzen dut. Kontzertuak emateko lekuak desberdinak izaten dira, jendea desberdina izaten da…
Eta tartean liburu bat ere argitaratu duzu, ‘Gari eta goroldiozko’. Zer sentipen?
Orain, Durangoren buelta horretan, askoz ere buru-belarriago egongo naiz liburuaren aitzakian diskoen aitzakian baino. Egongo naiz Bidehutsen standean ere, baina bai bata eta bai bestea, biak ederrak. Saiatzen naiz ni neurria jartzen. Norberak markatutako neurrian ondo ibiltzen da bat.
Sorkuntza aldetik zer momentutan zaude, emariz?
Bertigo handia ematen dit zer momentutan nagoen esatea. Bila abiatzen denak ez daki aurkituko duen, orduan ezin dut inoiz esan inspirazio handiarekin nabilenik. Bilatzera noa, eta beti abiatzen naiz intuizio batetik. Badauzkat maketa batzuk. Diskoetarako abestiak ere denak batera idazten ditut, garai bat hartzen dut horretarako, ez naiz joaten kantuz kantu osatzen. Behin horra zoazenean zer edo zer badago, ez zara hutsetik hasten. Ez da bakarrik bilaketa artistiko-filosofiko bat, atzean lana dago, orduak, eta horra noa bai.
Zer aldarterekin zatoz Zaldibiako kontzertura?
Guretzat leku berezia da Zaldibia, niretzat bai behintzat. Lagunak ditut, eta zaldibiar batzuk hor ibiltzen dira kontzertuz kontzertu. Beste batzuk ere ezagutzen ditut nire lanbide izan zen irakaskuntzatik ere. Oso pozik noa, gogo handiarekin.