«Txapelketak irabaztea eta podiumak dira nire asmoak»
2023ko karting denboraldia hasi du Mikel Merinok (Ordizia, 2007), Hivern Karting txapelketan laugarren eginda. Otsailaren 25eko asteburuan, Valentziako Karting Txapelketako lehen proba jokatuko du.
Chivako (Herrialde Katalanak) Hivern Kartingeko finalean laugarren egin zenuen urtarrilean. Zer moduz hasi duzu denboraldia?
Oso ondo. Laugarren postu batekin pozik gaude. Finalaren aurretik kronoa eta sailkatzeko probak daude. Kronoan hamargarren egin genuen, eta sailkatzekoetan, bosgarren eta laugarren. Finalean, laugarren.
Zein txapelketetan hartuko duzu parte?
Valentziako Erkidegoko Karting Txapelketan eta Espainiako Karting Txapelketan.
Euskal Herri mailako txapelketarik ba al dago?
Ez, hemen ez dago txapelketarik. Ez dago horrenbesteko zaletasunik.
Nola hasi zinen kartingean?
Nire anaiaren lagun batekin joan ginen Olaberriko karting zirkuitura. Gustatu egin zitzaidan eta ordutik gehiagotan hasi ginen joaten.
«Hemen ez dago txapelketarik. Ez dago horrenbesteko zaletasunik»
Entrenamenduak nola prestatzen dituzu?
Batzuetan ostiraletan joaten gara Olaberriko zirkuitura. Ostiralean entrenatu daiteke. Bestela, karrera baino asteburu bat lehenago joaten gara, larunbat eta igandetan. Orduan ere entrenatu daiteke eta entrenamendu ofizialak izaten dira. Ez naiz beti joaten. Kartingerako ez dut bereziki entrenatzen.
Igeriketan ere ibiltzen zara, Ordiziako igeriketa taldean.
Bai, egunero entrenatzen dut igeriketan.
Senior mailan zaude iaztik. Desberdintasuna nabaritu duzu?
Kategoria eta tipo ezberdinak daude. Kartingaren ondoren, Formulak datoz: formula 4, formula 3, formula 2 eta 1 Formula. Kartingean, potentzia ezberdinak daude. Seniorretan, motorrak juniorretan baino potentzia pixka bat gehiago dauka, eta seniorren ondoren, martxak dituen karta dago. Gureak automatikoak dira. Ez dut desberdintasun handirik nabaritu.
DG Motosport taldean zabiltza. Noiz hasi zinen bertan?
Hasieratik hasi nintzen beraiekin, aitaren bitartez. Talde bila hasi ginenean eta haiekin harremanetan jarri ginen. Harrezkero bertan nago. Zaragozako (Espainia) taldea da, eta karrera guztietara haiekin joaten naiz.
Aurten zein helburu dituzu?
Txapelketak irabaztea eta podiumak egitea dira nire asmoak.
Otsailaren 25eko asteburuan Valentziako Txapelketako lehen proba izango da. Eta hilabete geroago izango da Espainiako txapelketa.
Espainiakoan ez dakit oraindik parte hartuko dudan, urruti dago eta. Alcañizkora, bai, joango naiz. Irabaztea izango da helburua.