Goierri Valley-k 466.627 euroko aurrekontua onartu du 2023rako
Erronka berriei erantzuteko Kudeaketa Plana ere onartu du elkarteak. Digitalizazioa, 4.0 teknologia, berrikuntza, kultura eta nazioartekotze estrategiak jorratuko dituzte.
Goierri Valley elkarteak 466.627,97 euroko aurrekontua onartu du 2023rako, ostiralean egindako Ezohiko Batzar Orokorrean. Kudeaketa Plana ere onartu dute. Erronka berriei erantzuna emate aldera, berrikuntza nagusi gisa, bazkide ez diren enpresei ere zenbait ekintzetan parte hartzeko aukera emango diete.
Enpresen lehiakortasunean laguntzen jarraitzea izango dute helburu, ETEen beharrei erantzuten dien proiektu eta zerbitzuak eskainiz. Bost proiektu eta zerbitzu eskaintza zabala nabarmendu ditu elkarteak, digitalizazioa, 4.0 teknologia, berrikuntza, kultura eta nazioartekotze estrategiak jorratzeko: HUB 4.0 laborategia, Organizaciones Ambidiestras Innova, nazioartekotzea eta Partnership.
HUB 4.0 laborategia
Azaroan inauguratu zuen Goierri Valley-k 4.0 laborategia, enpresa txiki eta ertainei teknologia horiek txertatzea laguntzeko. “Eraldaketa digitalean lagundu nahi die elkarteak, eta teknologia berriak ekoizpen-prozesuan txertatzea sustatu”, azaldu du elkarteak. Enpresetako profil teknikoentzako formakuntza espezifikoa, enpresentzako 4.0 industriaren eta fabrikazio gehigarriaren abantailak ezagutzeko sentsibilizazio jardunaldiak eta ekoizpen zerbitzuak eskainiko dituzte, elkarteko kide diren enpresei zein ez direnei.
Berrikuntza eta kultura
Berrikuntza eta kultura enpresetan sustatzeko asmoz, eta horretarako baliagarriak diren erremintak lantzeko, Organizaciones Ambidiestras eta Innova proiektuak jarriko dituzte martxan. Organizaciones Ambidiestras proiektuak “esplorazioa eta esplotazioa orekatzen dituzten erakundeak garatzen laguntzeko ezagutzak eta tresnak ematea” du helburu, “horretarako kultura eta operatiba eskuin ezkertiarra bezalako gaiak” jorratuz. Innovaren helburua, berriz, “ETEei enpresetan berrikuntza integratzen laguntzea da, aditu baten laguntzaz eta ezagutza transferentzia zein helburuak lotzea ahalbidetzen duen app baten bitartez”.
Frantzia eta Txile
Elkarteko kide diren enpresen nazioartekotzeari dagokionez, aurten esfortzuak Frantziako eta Txileko merkatuetan jarriko dituzte. “Frantziako merkatuaren baitan egingo den lanketa elkarteko enpresa azpikontratistei erantzutera” bideratuko dute. Urteko bigarren seihilekoan Frantziako enpresetako erosketa arduradunak gonbidatzea aurreikusi dute, eta azpikontratisten asmoak ezagutu eta interesa pizteko ekintzak martxan jartzea.
Txileko enpresen interesa baieztatzeko “lan berezia” egingo dute. “Bide horretan, urtea hasi zenetik hainbat ekintza gauzatu dira, martxo amaieran antolatuko den misio bateratu bati begira”. Lanketa ahalbidetzeko, elkarteak Txileko Santiagon martxotik abuztura “presentzia” izango duela agertu dute.
Zerbitzu eskaintzaren kontsolidazioa
Enpresei proiektu estrategikoei aurre egiten laguntzeko, elkartea partner moduan posizionatuko da. Foroak eta arlo ezberdinetako mahaiak ere antolatuko dituzte, departamentu zehatzetako ardura postuetan dauden pertsonen arteko kolaborazioak definitzeko. Ezagutza eta networking-a bultzatzeko ekintzak egingo dituzte, eta baita behatokiak eta formakuntza ikastaro eta tailerrak ere.
Bazkide ez diren enpresen parte hartzea ere bermatu nahi dute, “inguruko industriak balio gehiagoko zerbitzu integralak eskaini eta eragin positibo eta jasangarriagoak izan ditzan sinergiak bultzatuz”. Hala, aurrerantzean bazkide ez diren enpresei garatzen dituen proiektu desberdinetan parte hartzeko aukera emango die, “lurraldeko industrian eragin positiboa izateko helburuz”.