Pentsio duinen alde borrokan
Bost urte beteko dira datorren martxoaren 15ean, Segurako pentsiodunak lehendabiziko aldiz elkarretaratzea egin zutenetik. Goierri garaian lehenago hasiak ziren arren, Segura izan zen ordu hartan gero eta indar handiagoa hartzen hasia zen pentsiodunen mugimendura batu zen Goierri beheko lehendabiziko herria. Bost urteren ondoren, mugimenduak «indarra galdu» duela diote. Estrategia aldatu eta aurrera begira jarraitu beharreko bideak zehaztea dira hurrengo erronka nagusiak.
Juanjo Arrieta, Felix Lardizabal eta Iñigo Aldalur segurarrak hasieratik daude pentsiodunen mugimenduan. «Euskal Herriko leku askotan hasita zeuden pentsiodunak mugitzen eta Goierrin ere zerbait egin beharra zegoela uste genuen», dio Arrietak begirada bost urte atzera jarrita. Jendea saretzeko ahaleginean, bizilagunekin hizketan hasi ziren, euren aldarrikapenak zeintzuk ziren azalduz: «Lehendabiziko elkarretaratze hura zuzeneko ekintza izan zen, eta 50 bat pertsona bildu ginen». Garai hartan jendeak bazuen kezka bat Lardizabalen iritziz, «bildu ginen gehienak pentsiodunak ginen. Jakin bagenekien gure egoera ez zela oso ona eta zerbait egin ezean okerrera egingo zuela. Horregatik, ez zen akuilu askorik behar izan jendea biltzeko».
Mugimendua zabalduz
Hamabostean behin errepikatu ziren Seguran elkarretaratzeak «sei edo zortzi» hilabetez. Baina hasieratik garbi zuten jende gehiagorengana iritsi beharra zutela euren aldarrikapenak ikusarazi eta nolabaiteko eragina izatea nahi bazuten. Hala, mugimendua Ordiziara, Beasainera eta Lazkaora zabaltzea lortu zuten. «Azken urteetan, hileko azken astelehenetan elkartzen gara Lazkaon, Beasainen eta Ordizian, txandaka», azaldu du Arrietak. Orain bost urte Zegaman eta Zerainen ere hainbat ekintza egin zirela zehaztu dute.
Bost urteren ondoren, ordea, ez dira oso baikorrak. «Porrot sentipena daukagu, lorpenak egin badira, oso txikiak izan direlako», kexu da Lardizabal. Iritzi berekoa da Arrieta ere: «Orokorrean, manifestazioetara joateko fedea galdu du jendeak, baina benetako borroka beharrezkoa da».
Horixe dute, hain zuzen, epe motzera begirako erronka: nola motibatu jendea berriz ere mobilizazioetara erakartzeko. Lardizabalek zail ikusten du, «adinean aurrera goazen bezala, borrokarako grina hori ere galdu egiten da. Ez da erraza jubilatu jendea protestatzera kalera atera araztea».
Gizartearen babesa
Orain bost urte ereindako haziak fruituak ematen jarrai dezan emaitzak behar dituzte, «presio handiagoa egin behar zaie agintariei, pentsioetan zerbait aldatu nahi badugu». Bost urteko borrokaren ondoren, politikariek arazoa konpontzeko «borondate falta handia» daukatela diote, «hauteskunde garaian bakarrik gogoratzen dira gutaz», gaineratu du Lardizabalek.
Gizarteari babes handiagoa eskatu diote. Arrietak gazteak erakarri behar direla dio, «orain ezer egin ezean, datorkien etorkizuna oso gogorra izango dela ohartarazi behar diegu. Gu ondoren datozenengatik ari gara borrokan». Gazteak, ordea, ez dira pentsiodunen aldarrikapenekin identifikatzen, «Helduak nekatzen ari gara eta gazteak ez dira gerturatzen. Oso urruti ikusten dute erretiroa eta beste arazo gehiago ere» badituztela uste du Aldalurrek. Nekatuta bai, baina etsitzetik urruti bidea egiten jarraitzeko asmoa berretsi dute.