Oianguko zazpi pilotari deitu dituzte Gipuzkoa ordezkatzeko
Euskal probintzien arteko txapelketa hasiko da asteburuan, Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldekoen artekoa. Oianguko bi hautatzaile ere izango dira Gipuzkoa ordezkatzen.
Euskal Herriko Kluben arteko txapelketa aurreko asteburuan bukatu zen. Oianguko Berasategi-Olaran bikotea pala motzeko txapeldun izan zen, eta Mendikoa-Letamendia txapeldunorde. Hori amaituta, euskal probintzien arteko txapelketa hasiko da asteburuan, G.R.A.B.N.I izenekoa, Gipuzkoa,Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldea hartzen dituena. Oianguko 7 pilotari Gipuzkoa ordezkatzeko hautatu dituzte, eta baita bi hautatzaile ere. Txapelketa pilota modalitate ia guztietan jokatuko da. Oiangukoak pala modalitatean ariko dira.
Hautatzaile lanetan Josema Garrido (Olaberria) izango da helduen paleta larruzko zein pala motzeko lehiaketarako. Pala luzekoaz, 22 urtez azpiko pala motzekoaz eta jubenil mailako larruzko paletakoaz, aldiz, Aitor Otegi (Ordizia) arduratuko da, Imanol Olaranen (Olaberria) laguntzarekin. Pilotariei dagokienez, Aratz Elorza (Ordizia) eta Iker Larrarte (Bidania-Goiatz) jubenil mailarako deitu dituzte. Xabier Naldaiz (Olaberria) eta Aimar Etxeberria (Zaldibia) 22 urtez azpiko pala motzeko taldean izango dira. Nagusien mailarako, Imanol Olaran (Olaberria) eta Xabier Ibarguren (Mutiloa) deitu dituzte, eta pala luzeko lehiaketarako, Zuhaitz Letamendia (Ordizia). Azeari Andonegi (Lazkao) ere deitu zuten hasieran, baina lesioa tarteko, ez du jokatzerik izango, eta hala, beste talde bateko jokalari bat ariko da haren ordez.
Oiangu Klubak adierazi du kontuan izatekoa dela 7 jokalari hautatu izana, egindako lanaren isla delako: “Ez du esan nahi partida guztiak jokatuko dituztenik, lurraldeko beste pilotariek ere parte hartuko baitute, baina kontuan izatekoa da parte hartuko duten pilotari goierritarren kopurua, urtean zehar eginiko lan onaren emaitza baita”.
Asteburuan hasiko da txapelketa. Gipuzkoarrek Iparraldekoen aurka jokatuko dute. Palako partidak larunbat arratsaldean izango dira, Hendaian. Hurrengo astean, martxoaren 25ean, Ordiziako pilotalekuan jokatuko dute gipuzkoarrek, arabarren aurka.