Laubide Jatetxea eskubaloi taldeak Legazpin jokatuko du lehen mailara igotzeko faserako Play Off-a
Larunbatean izango dira kanporaketan, eta finalak, igandean, Bikuña kiroldegian. La Salle klubak etxeko taldea animatzera joateko eskatu die zaleei, kamiseta gorria jantzita.
Legazpin jokatuko dira jaietako asteburuan eskubaloiko gizonezko seniorren play off partidak, lehen maila nazionalera igotzeko faseari begira. La Salle klubeko Laubide Jatetxea izango da lehian play off horietan.
Legazpiarrak denboraldi bikaina egin ondoren eta ligan bigarren sailkatu ostean iritsi dira kanporaketetara. Lehen partida maiatzaren 2an jokatuko dute Bikuña kiroldegian, 17:00etan, Urdanetaren aurka Eguneko beste kanporaketa 19:00etan izango da, eta Alcorta Forging Group Elgoibar eta Petronor Muskiz Eskubaloia taldeen artean izango da.
Finala maiatzaren 3an jokatuko da, 13:00etan.
La Salle eskubaloi taldeak dei berezia egiten die zaleei taldea animatzera joateko, “etxean jokatzeak ematen duen bultzadarekin helburua lortzeko itxaropena indartuta baitute”. Taldeko kamiseta gorria jantzita joateko eskatu diete gainera, “giroa sortzeko”. Kamiseta eskuratu nahi dutenek sare sozialen bidez edo kiroldegira bertaratuta lortu ahal izango dute.













