BOLUNTARIOAK. Zegaman azkenak ere saria du
Antolatzaileek helmugara azkena iristen dena irabazlea bezain ondo zaintzen dute. Erratz taldeak proba osoa azken sailkatuarekin egiten du, helmugara gehienezko denboraren barruan hel dadin. Aimar Lizarazu idiazabaldarra da talde horren koordinatzailea, eta hark kontatu ditu izan ohi dituzten gorabeherak.
Zegama-Aizkorri korrikalarien lasterketa kuttunetakoa da. Bi gauzak egiten dute berezi: ikusle kopuruak eta horien jarrerak eta antolatzaileen lanak. Antolatzaileentzat parte hartzaile guztiek garrantzi bera dute eta gehien behar dutenek laguntza handiagoa jasotzen dute, gainera. Hala, lasterketaren atzealdean doazenek erratz taldeko kideen laguntza izaten dute helmugara garaiz heltzeko. Gainera, azkenekoei ere sekulako harrera egiten diete helmugan. Zegama-Aizkorrin, azkenak ere saria du.
Erratz taldeko kideek lasterketa osoa azkenak doazenekin egiten dute. Erritmoa markatzen diete eta animoak ematen dizkiete, helmugara antolaketak ezarritako gehienezko denboraren barruan hel daitezen. Erratz taldeko hiru kidek ibilbidearen lehen erdia egiten dute eta beste hiruk bigarrena. Haien laguntzari esker, maratoia bukatzea amets zuten korrikalari askok ametsa betetzea lortu dute.
Denbora kontrolatuz
Erratz taldearen koordinatzailea da Aimar Lizarazu idiazabaldarra. Urte asko daramatza lan horretan. «Lehen edizioetan antolakuntzako kideak arduratzen ziren lan horretaz, baina jendea bilatzeko zailtasunak zituzten eta Idiazabalgo mendi lasterketako taldekookin harremanetan jarri ziren. Anoa postu baterako edo bidegurutze baterako jendea lortzea erraza da, baina maratoi erdi bat denbora kontrolatuz egingo duen jendea topatzea zailagoa da», nabarmendu du idiazabaldarrak.
Korrikalariek kontrol guneetara denbora jakin batean iritsi beharra daukate, eta Lizarazuk eta bere taldekideek horretan laguntzen diete lasterketaren atzealdean doazenei. «Talde batek lehen erdia egiten du, Zegamatik Sancti Spiritura, eta bigarrenak bigarren erdia, Sancti Spiritutik helmugara». Lehen erdia bizpahiru lagunek egiten dute –aurten Jose Povedano, Ana Azpilikueta eta Etorre Barbeito izango dira– eta bigarrena beste bizpahiru lagunek –Odilo Rivera, Joseinazio Insausti eta Lizarazu bera–. «Lehen taldekoak ez dira goierritarrak eta bigarren taldea Segurako eta Idiazabalgo korrikalariok osatzen dugu. Urte batean segurarrak arduratzen dira eta hurrengoan idiazabaldarrak. Txandaka aritzen gara».
Psikologo lana
Antolakuntzak lasterketako azken korrikalaria zein den jakin beharra dauka. «Hori dela eta, nahiz eta denboraz kanpo joan, gure taldeko kide bat azkenarekin joaten da beti hurrengo kontrolera arte. Gainontzeko taldekideak denboraren barruan doazen azkeneko korrikalariekin joaten dira. Korrikalari bat kontrolera denboraz kanpo heltzen bada, bertan gelditzen da antolakuntzako kideekin. Gure taldekideak aurrera egiten du azkena gelditu dena harrapatu arte. Ez da batere erraza aurretik doana harrapatzea. Nahiz eta atzealdean doazen korrikalariak izan, minutu batzuk aurretik doana harrapatzea gogorra da», aipatu du Lizarazuk.
Aimar Lizarazu. Erratz taldeko koordinatzailea
«Nahiz eta denboraz kanpo joan, taldeko kide bat azkenarekin joaten da beti»
«Ibilbidea ondo ezagutzen ez duenari, zer egin esaten diogu une oro»
«Korrikalarien erritmora egokitu behar da eta noiz estutu jakin»
«Korrikalariek buruari bueltak ematea eta urduri jartzea ekiditen dugu»
Haien lanik garrantzitsuena psikologo lana egitea dela dio. «Azkenak ibilbidea ondo ezagutzea gerta daiteke, baina baita ez ezagutzea ere. Ibilbidea lehenengoz egiten ari bada, ez du inongo erreferentziarik. Ez daki zer datorkion eta datorkion hori egiteko gai izango den. Ibilbidea ondo ezagutzen ez duenari, une oro zer egin esaten diogu: noiz joan lasai eta noiz estutu. Bere onena ematen laguntzen diogu, ito gabe».
Sasoiko egon behar
Erratz taldekoek ere sasoiko behar dute egon. «Lasterketa erdia antolatzaileek ezarritako denboraren barne egiteko, sasoian egon beharra dago. Ibilbidea ondo ezagutzea eta zati bakoitzean zer erritmo komeni den jakitea ere oso garrantzitsua da. Beraien erritmora egokitu behar da, eta noiz estutu eta noiz ez jakin behar da. Hori dela eta, lasterketa egin aurretik, taldekoei ibilbidea pare bat aldiz zortzi ordutan egitea aholkatzen diet. Korrikalari bakoitza hobeto non moldatzen den jabetzea edo nola doan ikustea ere garrantzitsua da, une bakoitzean zer egin aholkatzeko. Beraiek korrika soilik egin behar dute. Ez dute pentsatu behar, eta gainera, estutu behar ez duten tokian estutzea, buruari bueltak ematea eta urduri jartzea ekiditen dugu».
Sasoian egoteaz eta psikologo lanak egiteaz gain, gazteleraz eta ingelesez mintzatzeko gai izatea ere garrantzitsua da. Izan ere, korrikalari asko eta asko ez dira euskaldunak.
Batzuetan, estresagarria
Korrikalariek zortzi ordu dituzte lasterketa amaitzeko, eta gehienetan helburua lortzen dute. Hori bai, azkena ozta-ozta heltzen da beti. «Urtero norbait minutu gutxiko tartearekin heltzen da helmugara. Urte batean 7 ordu, 59 minutu eta 56 segundoko denbora egin genuen. Kontrol guztietara minutu bateko tartearekin heldu ginen. Oso estresagarria izan zen. Bost minutuko tartearekin gabiltzanean ere, ez dago lasaitzerik. Edozein arazok denbora asko galtzea dakar. Ardura handia dugu».
Zortzi orduk askorako ematen dute, eta korrikalariekin harreman estua egiten dute. «Guretzako ere sekulako poza da korrikalariak bere helburua lortu duela ikustea, gure laguntzari esker lortu duelako eta korrikalariak oso esker onekoak direlako. Lasterketa amaitu ondoren beraiekin hitz egiten dugu eta eskerrak ematen dizkigute. Gainera, helmugan oso giro polita egoten da. Esatariak non gauden, zenbat falta zaigun, zenbat denbora gelditzen zaigun… informatzen du une oro, eta ikusle asko gure zain egoten dira. Oso hunkigarria izaten da».
Urte hauetan guztietan denetik ikusi dute. «Urte batean elurra egin zuen eta azkena lehertuta zegoen. Aizkorriko gailurrak oso teknikoak dira, asko ez daude horretara ohituta, eta hor denbora asko galtzen dute. Urte hartan, azkenak gailurren ondorengo jaitsieran bere burua bota egingo zuela esan zigun. Elur gainean irrist eginda jaitsiko zela. Tarteka harriak daude eta halakorik ez egiteko esan genion. Etsita zegoen eta lehenbailehen behera iritsi nahi zuen. Bere burua bota zuen, baina 10 bat metro bakarrik egin zituen eta gelditzea lortu genuen».
Helmugako poza
Helmugara garaiz iritsiko direla ikustean, korrikalariek sekulako poza hartzen dute, Zegama-Aizkorri bukatzea ametsa baita askorentzat. Haien ibilbideko lorpen handiena, sakrifizioa askoren ondorengo saria: gogor entrenatu, familiari orduak kendu, urrutitik Goierrira etorri… «Korrikalari batek, helmugara garaiz helduko zela ikusi zuenean, telefonoa eskatu zigun bere emazteari deitzeko. Biak hunkituta zeuden. Eta gu ere bai» .