Konposta egiten dute zizareek Brinkolan
Etxeko hondakin organikoarekin konposta egiten du Juan Altzelaik Brinkolako Igaralde etxean, zizareen laguntzarekin. Baratzean eta loreei botatzeko humusa lortzen du, eta fruta arbolentzako konpost tea.
Juan Altzelai, zizare konpostagailuarekin, Brinkolan. // Argazkia: Tere Madinabeitia Landa auzo txikietan ere bada bizitza, eta badira ekintzaileak. Brinkolan, esaterako, Juan Altzelaik proiektu berezi bat jarri du martxan Igaralde Etxean. Konposta egiten du zizareekin. Helburu ekonomikorik gabe, etxean erabiltzeko da bakarrik, bere konpost propioa egiten du.
Konpost mota hori zizareekin eta etxeko hondakin organikoekin egiten da, hondakin begetalarekin zein animaliarenarekin. Zizareek jan egiten dituzte hondakinak eta digestioaren ondorioz, deskonposatu egiten dute materiala, eta prozesua amaitzen duten mikroorganismoen menpe uzten dute.
Etxeko sotoan
Zizare konposta batez ere sukaldean sortutako hondakin organikoekin egiten du Altzelaik, Brinkolako etxeko sotoan, leku ilun samarra behar dutelako; «garaje bat ere oso leku aproposa izan daiteke, ez duelako usainik botatzen».
Konpostagailua oso sinplea da, eta zizareak eta hondakinak egurrezko kaxa batean daude. Azpian filtro bat dute, likidoa edo konpost tea biltzeko. «Lehen erleak eduki nituen, eta erlauntzak aprobetxatu nituen, kaxoi batzuk egiteko».
Konpostagailu berezi honek ez dio lan gehiegirik ematen, zizareek egiten dute guztia. Astean behin botatzen dizkie hondakinak, eta prozesatzen ari den materialari tenperatura eta hezetasuna hartzen dizkio termometroarekin, baita azidotasuna adierazten duen PHa neurtu ere, PHmetroa deitzen den tresna erabiliz. Zizareek gutxieneko PH bat behar dute, eta hezetasun handia. Horregatik, beharrezkoa denean, ura gehitzen dio gero konpost bihurtuko den materia horri. Prozesu horretan zehar, beste konpostari bezala, egur zati txikiak edo belar pixka bat ere botatzen dizkio noizean behin. Eta dena ondo nahastu behar da. «Astean hogei bat minutuko lana da guztia».
Prozesuak hiruzpalau hilabete irauten du, eta konposta eginda dagoenean, hau da, «janari hondarrak ikusten ez direnean», beste kaxa bat jartzen du azpian, «zizareei asko gustatzen zaien janariarekin, behera joan daitezen: koko zuntza, kafe hondarrak, barazkiak… Papera eta kartoia ere asko gustatzen zaizkie. Dokumentu suntsitzailerik onena da konpost kaxa hau!».
Prozesua amaitutakoan, lehortzen jartzen du, aste betez gutxi gora behera, eta emaitza, ongarri bezala erabili daitekeen humus izeneko materia da, «baratzean eta loreekin erabiltzen dut». Prozesu horretan, gainera, zizare konpostaren tea deituriko ongarri likidoa ere lortzen du, «fruta arboletarako oso egokia».
Eskala txikian
Zizareak bereziak dira, Kaliforniako zizare gorriak deitzen direnak (Eisenia foetida). Proiektu hau martxan jarri zuenean, internetez erosi zituen Altzelaik bostehun, baina gerora ikusi du Tibur Agirre bizilagunak baserrian duen simaur pilan ere badaudela, «eta orain handik hartzen ditut». Gaur egun ehundik gora ditu.
Aspalditik ezagutzen zuen Altzelaik zizareen erabilera konposta egiteko. Duela hogei urte inguru Bizkaiko Mendiolara egindako bisita batean ikusi zuen lehen aldiz. Eta duela hiru urte, Espainiako neska gazte bati zizare-konposta modu industrialean egiteagatik ekintzailetza sari bat eman ziotela jakin zuen.
Brinkolar honek eskala txikiagoan proba egitea erabaki zuen, eta horrela hasi zen etxerako konposta egiten, etxean sortzen dituen hondakinekin.
Proiektu ugari dituen brinkolar geldiezina
Juan Altzelai kaletarra da, baina ezkontzean Brinkolara joan eta mundu berri bat aurkitu zuen han. Hamar urtez bizi izan zen auzoan, eta oraindik lotura estua mantentzen du etxearekin eta baratzarekin, hainbeste maite duen natura eta ingurumenarekin zerikusia duten proiektuak gauzatuz.
Sagardoa egiten du urtero, eta marmeladak eta gozokiak ere bai, etxeko fruta eta barazkiekin.
Abereak ere maite ditu, eta erleak izan zituen garai batean. Saguzarrak, enarak, hontzak… jubilatu orduko helduko die horiei. Badu beste proiektu bat ere esku artean: lehen zuen garita meteorologikoa berriz martxan jartzea.













