Joan etorrian dabiltza erromesak goierritik
Goierrira urte osoan zehar bisitari asko etortzen badira ere, nabarmen handitzen da kopurua udan. Eta zer esan erromesen kasuan.
Done Jakue bidea Santiago de Compostela hirira iritsi eta itzultzeko erromesek egiten duten bidea da. Garai batean erlijio arrazoiak medio egiten zuten bidea askok, baina XX. mendearen amaiera aldetik bideak gorakada izan du, eta jendeak turismo, arte, kirol eta kultura ohiturengatik egiten du bidea.
Euskal Herrian zehar Done Jakue bidea egiteko hiru aukera nagusi daude: Nafarroako Bidea, Iparraldeko edo Kostaldeko Bidea eta Barnealdeko Bidea. Horietaz gain, Iruñea eta Agurain Sakanatik lotzen dituen beste bide bat ere badago.
Goierrin, leku ezberdinetan geratzeko aukera dute erromesek: Beasainen, Zegaman, Zerainen, Olaberrin, Ataunen, Seguran… Aurten, hala ere, ez dira beste urte batzuetan bezain beste erromes igaro bertatik.
Zegaman, esaterako, abuztuan 22 pertsona geratu dira bertan. Zerainen, aldiz, 8. Olaberriren kasuan ez da inor izan, atzo arte itxita egon baita Zezilionea. Aitzitik, Beasainen eta Ataunen ibili dira erromesak.
2021. urtean, Espainiako Gobernuak 1,3 milioi euro bideratu zituen Beasaingo Igartzako Monumentu Multzoa, Segurako Ardixarra Etxea eta Ormaiztegiko Iriarte Erdikoa baserria biziberritzeko; hiru guneak Gipuzkoa barnealdeko Done Jakue bideak lotzen ditu.