'Atzoko Egialde' liburua salgai dago berriz ere
Burdinola elkarteak edizio berri bat kaleratu du, aurrekoa agortu eta gero. Apatxo liburu dendan erosi daiteke. Felix Ibargutxik eta Eva Aztiriak idatzita, Egialde osatzen duten baserrien eta etxeen historia jasotzen du.

Burdinola elkarteak sustatuta Felix Ibargutxik eta Eva Aztiriak idatzitako Atzoko Egialde liburuaren edizio berria kalean da, eta Apatxo liburu dendan erosi daiteke, 20 euroan. Liburua erreserbatu ez zutenek ere izango dute aukera erosteko.
Egialde osatzen duten auzoen historia jaso dute lanean egileek, dauden eta dagoeneko ez dauden baserrien informazioa eta argazkiak bilduta. Argitalpena bi zatitan dago banatuta. Eva Aztiria irakasleak eta historialari afizionatuak gizarte gaiak eta ekonomiaren alorra jorratu ditu. Felix Ibargutxi kazetariak, aldiz, baserriz baserriko kontuak bildu ditu. Atzoko Egialde liburuak 430 orrialde ditu, eta 30 baserriren eta etxeren berri ematen du, 300 inguru argazkiz lagunduta.