Historia zati bat paper batean
Julen Iraola Herri Antzokiko teknikariak 1940eko hamarkadan Ordiziako zineman proiektatu zen film bateko esku-orria aurkitu eta erosi du. Ikusgai jarri dute aretoko sarreran. Ordiziako Herri Antzokia 1928an estreinatu zen Etxezarreta Zine-Teatro izenarekin.
Ordiziako Herri Antzokiak ia 100 urteko historia du. Lau urte barru 100 urte beteko dira inauguratu zenetik. Domingo Unanue arkitekto ordiziarrak diseinatu zuen Legorretako paper fabrikaren jabe zen Juan Jose Etxezarretaren enkarguz. 1928ko azaroaren 10ean estreinatu zen, Etxezarreta Zine-Teatroa izenarekin, eta Herri Antzokia bilakatu zen gero, 1983an, udalak erosi zuenean.
Urte guzti hauetan, ehunka antzezlan, film proiekzio eta kontzertu izan dira aretoan. Julen Iraola Herri Antzokiko teknikariak ibilbide luze horren adierazle txiki bat den eskuorria aurkitu eta erosi du Internet bidez, eta ikusgai jarri dute aretoko sarreran. 1940. hamarkadako eskuorria da, Ordizia Villafranca de Oria zenekoa eta Herri Antzokia oraindik Etxezarreta Zine-Teatroa zenekoa. ¿Por qué lates corazón? filma eman zuteneko eskuorri originala da.
«Herri Antzokiko historian sakontzen, pare bat aldiz egin nuen topo esku-orriarekin, ez zen batere garestia eta niretzat hartzea pentsatu nuen»
Julen Iraola. Herri Antzokiko teknikaria
Iraolak berak azaldu duenez, zinemarekiko eta antzokiarekiko jakin-mina medio aurkitu zuen alea: «Herri Antzokiko historian sakontzen, pare bat aldiz egin nuen topo esku-orriarekin, ez zen batere garestia eta niretzat hartzea pentsatu nuen». Ondoren, ikusgai jartzea erabaki zuten, «historia zatitxo bat» badelako. Sartu eta hondoan dago, eskuinaldean. Bi aldeko esku-orria da. «1940ko filmak direnez, 40ko hamarkadan datatu dugu». Iraolak «mimoa» dio antzokiari, «txikitako amets bat» izan da berarentzat bertan lanean aritzea, eta uste du ez zaiola behar beste garrantzia ematen: «Harribitxi bat daukagula esaten da, baina gero ez da inoiz ezer egin zaintzeko, mantentzeko».
Bide batez, azken urteetan Herri Antzokia zaintzen eta mantentzen lan egin dutenak ekarri ditu gogora haien lana aitortzeko: «Orain arte lanean egon den Sabino Zeberiori, bera izan da zineko proiekzionista eta mantenimenduko langilea. Mari Karmen Muruak bezala, pila bat zaindu du zine hau, mimatu egin dute, eta ez zaie errekonozitu lan puska».
Eraikin historikoa
«Altxor bat» da harentzat Ordiziako zinea. Zinea eta teatroa izan da sortu zenetik. Garai batean, zine mutua nagusi zenean, orkestra ere joaten zen. Zuzenekoak, baina, «gehiago esplotatu beharko lirateke» teknikariaren ustez. Halere, baditu muga batzuk alde horretatik: «Adibidez, tramoia, eszenarioko argiak eta teloiak eusteko sistema, egurrezkoa da, sokarekin doaz, manualki egin behar da».
Eraikin historikoa da. Adur Ezenarro arkitekto eta egungo Ordiziako alkateak udalaren Victor Mendizabal beka irabazi zuen 2013an Domingo Unanue arkitektoa lanarengatik. Haren hitzetan, «Euskal Herriko lehen eraikin arrazionalistetako bat da» Herri Antzokia. Gainera, ia 100 urtez (2028an beteko ditu) «zerbitzu berera bideratu den bakarrenetarikoa» da. 1983an udalak erosi aurretik denbora batez egon zen itxita soilik.
«Mugimendu modernoa estetika berri bat topatzen ahalegintzen da, eta trasatlantikoa beraientzat ikonikoa da, formak funtzioari jarraitu behar diolako»
Adur Ezenarro. Ordiziako alkatea eta arkitektoa
Barku bat
Itsasontzi baten moduko itxura du, Ezenarrok azaldu duenaren arabera, mugimendu modernoaren ikonoetako bat bazelako: «Mugimendu modernoa estetika berri bat topatzen ahalegintzen da, eta trasatlantikoa beraientzat ikonikoa da, formak funtzioari jarraitu behar diolako, superfluoa den guztia uzten da eta edertasun aldetik bertan dauden elementuek funtzio bati erantzutea bilatzen dute». Hala, goialdean dauden eskilarak eta leihoak ez dira soilik apaingarriak, proiektistaren zein publikoaren ihesbideak baizik. Izan ere, sute-istripuak ohikoak ziren garai hartan, zeluloidea txispa batekin piztu zitekeelako.
Ikusgai
Gaur egun ere zinemazale eta antzerkizaleen elkargunea da Herri Antzokiko eraikina. Barruan, aurrerantzean, sarrera-hallean ikusi dezakete herritarrek eraikinaren zein Ordiziaren historiaren zati txiki bat den 1940ko hamarkadako esku-orria.