Bernoako galtzada, historiaren bideratzaile
Juan Luis Larraza etxarriarrak Ataunen aurkeztu du ‘Bernoa’ eleberri historikoa. Ataun eta Ausa gazteluak Sakanarekin lotzen zituen bide zahar horrek.
Berrenoako galtzada, bere historikotasunean, ezezagun handia da gaur egun oraindik. Nafarroako erresumaren barne zain ziren komunikabide eta gertakari zein ondare historiko guztia bezala. Pixkanaka, menperatzaileek ezabarazitako antzinako harreman, bizimodu eta bertako euskal egituren argi printzak ateratzen dira. Azkena, nobela historiko modura, Juan Luis Larraza Lakuntzak (Etxarri Aranatz, 1950) idatzi duen Bernoa liburua. Ataungo udaletxeko aretoan aurkeztu zuen, atzo –apirilaren 17an egin zuten Etxarrin lehen agerraldia–, gaiak Ataunekin duen loturagatik Ataunikerrek gonbidatuta, ikasturteko azken ekitaldian.
Larrazak berak azaldu panorama: Nafarroa iparraldean ez dago jauregi, dorretxe edo gaztelu zaharrik, erresumaren testigantza eman dezaketenik. «Armarri bakarra dago Etxarrin, eta hura etxe barruan, ez fatxadan». Ezabaketa espainiarraren gorena. Berrenoako galtzadan jarri du eleberrirako begia, eta haren inguruan josi ditu handik eta hemendik bildutako testigantzak, puskak eta kontakizunak. Rafael Karasatorre historialari etxarriarraren lanak, batetik; Nafarroako Artxibo Nagusian aurkitutako ohar dokumental apurrak, bestetik. Eta Larrazaren nekazaritza giroko haurtzaroko eta gurasoek betidanik kontatutako istorioak, azkenik.
«Horrekin guztiarekin halako bilduma bat egin dut, eta guztia XIV. mendera eraman dut historia», azaldu du Larrazak. Etxarri Aranatzen fundazio garaia zen, 1312-1378 aroa.
Benetako mugak
Euskaraz da liburua –Nafarroako ikastolen mugimenduan lan egina da Larraza, mutikotan Lazkaoko Beneditarretan ikasia–, eta aldarrikapen ere izan nahi du hizkuntza-hautuak. «Nafarroa osatzen zuen erresuma guztia, hasi Najeratik, Viana eta Iruñea, Maule eta Donibane Garazira, horretan guztian ibiltzen dira nobelako pertsonaiak. Komuna hizkuntza zuten. Nahiz eta Ataun garai hartan Lazkaoko jaunak kontrolatzen omen zuen lurraldea izan, ez ziren ataundarrak etsaiak; etsaia zen euskaraz egiten ez zuen lurraldea. Hau ez zen Gaizkileen muga; euskaraz egiten ez zuen lurraldea zen muga; eta hori ez zegoen Ataunen, beste bat zen».
ELKARRIZKETA
Juan Luis Larraza Lakuntza, idazlea
(Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1950)
-Ataun auzo herrira etorri zara, Bernoa liburua aitzakia duzula.
Hori da. Gustura etorri naiz, gainera, Ataunekin beti izan baitugu harremana. Bai guk, eta baita gure gurasoek ere: ganadua zela eta, markesaren lurretan, gure behorrak hor ibiltzen ziren neguan. Bernoa liburua apirilaren 17an Etxarrin aurkeztu nuen, pentsatuz bertan bildu izan dudan informazioa nahiko interesgarria izan zitekeela Etxarri bezalako herri baterako. Egia esateko, harrera oso ona izan zuen herrian bertan.
– XIV. mendean kokatua, Etxarri Aranatzen sorreraz. Zer berezi pasatu zen garai hartan?
Gaztelak Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia bereganatu zituenean 1200. urtean, Nafarroako Santxo VII.a erregeak agindu zuen Arañazko herri guztiak batu zitezela Etxarrin zegoen gotorlekuaren inguruan. Hori ez zen gauzatu 1312. urtera arte; beraz, ehun urte egon ziren zerbait egin arte. Zergatiak ez dakizkigu. Informazio hori biltzen Nafarroako Artxibo Nagusian ibili nintzen; informazio gehiegirik ez dago garai hartakoa. Baina, hala ere, handik eta hemendik jasotako gutxiarekin, eta Etxarrin bertan ere bada historialari bat nahiko jantzia gauza hauetan [Rafael Karasatorre], gehi gure gurasoek betidanik kontatu izan dizkiguten nolabaiteko historiak bilduta –ez dakigu zer neurritarainoko ziren egiazkoak–, gehi guk bizi izan genuen haurtzaroa uztartu ditut. Gurea nekazal haurtzaro bat izan zen, haurtzaro zoriontsua baina pobrea, teknologiarik batere ez zegoen garai hartan, baina gauza interesgarriak zeuden. Orduan, horrekin guztiarekin halako bilduma bat egin dut, eta guztia XIV. mendera eraman dut, eta garai hartan kokatu dut. Ez da historia piramidal bakar bat, baizik eta liburuan zehar historia asko gertatzen dira: familia asko, bikote askoren kontakizunak…
Ez da mugatzen, gainera, Etxarrira. Kontuan izan XVI. mende hartan, oraindik ere Ataungo gaztelua Nafarroako erregeak kontrolatzen zuela, eta berdin Ausako gaztelua, Zaldibian. Bi horiek, neurri batean, behar zuten mantenua, defentsa, hornidura eta guztia, eta hori Etxarrik eta Ataunek osatzen eta egiten zuten. Historia hor dago.
–Garai eta pertsonaia desberdin horiek badute komunean geruzaren bat? Mezuren bat aldarrikatzeko, izan zena eta ez dena gogoratzeko…
Bai, asko, gainera. Liburuak duen mezuetako bat da, hain zuzen, euskaraz dela. Garai hartako harreman guztiak euskaraz ziren. Liburuan agertzen diren pertsonaiak Nafarroa osatzen zuten erresuma guztia erabiltzen bazuten ere –hasi Najeratik, eta Viana eta Iruñea, Maule eta Donibane Garazi, horretan guztian ibiltzen dira pertsonaiak–, komunean zutena hizkuntza zen. Nahiz eta Ataun garai hartan Lazkaoko jaunak kontrolatzen omen zuen lurraldea izan, ez ziren ataundarrak etsaiak; etsaia zen euskaraz egiten ez zuen lurraldea. Euskaraz egiten ez zuen lurraldea zen muga. Beraz, muga ez zegoen Ataunen, beste bat zen.
– Izenburua Bernoa jarri diozu. Herri bide edo abelbide zahar bat da.
Bernoaren zati bat hasten da Etxarrin; gurutzatzen du Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, eta gero pasatzen da Ataunera. Etxarrin, orain dela 8-9 urte egin zituzten indusketa batzuk, eta 200 bat metro agertu dira. Lehen aldiz ikusi nuenean txundituta gelditu nintzen, gauza hauek gustatzen zaizkidalako. Gero, buruan nuen ideia argi, izenburu ezin hobea izan zitekeela, eta Bernoa izena jarri nion. Ezin da ahaztu, azkenean, herrien artean harreman guztia, Ataungo eta Ausako gazteluekin, Bernoako galtzadaren bitartez lotzen zela.
–Ezagutzen duzu zuk bidea osorik?
Nafarroakoa ezagutzen dut, baina, lotsa ematen baldin badit ere, Gipuzkoa aldekoa ez dut ezagutzen, arazo fisiko batzuk ditudalako eta orduan ezin izan dut hemengoa egin. Ez dut baztertzen egitea, baina zati hau ez dut ezagutzen. Ikusi dut bideo bidez, lagun batek grabatu izan dizkidalako zati horiek, baina nik ez dut egin.
–Xarma berezia duela esaten dute.
Bai, eta liburuan ere azpimarratzen dut, nolatan Ataungo zatia –Nafarroakoa jada kontrolatzen dut, eta historia gehiena han baldin badoa ere–, toponimiak dioena interpretatuz, hemen badakit gora-behera asko zituela, zulogune asko zituela, zaldiak eskutik hartuta eraman behar zituztela zuloan sartu eta hankak hautsi ez zitzaten… Holako historiak kontatzen ditut liburuan.