Borja Prieto urretxuarra apaiz egingo da igandean bere herrian
Gizarte Integrazioa ikasi zuen eta 2017an seminariora joan zen. Alegiako eta Tolosaldeko beste 11 herritako parrokoa da.
Borja Prieto Esnaola urretxuarra apaiz egingo da igandean bere herriko parrokian. Elizkizun berezia prestatzen ari dira eta, ohitura den bezala, gotzainak izendatuko du apaiz. Elizkizuna 18:00etan hasiko da.
Prietok La Salle-Legazpi ikastetxean eta Iparragirre institutuan ikasi zuen. Ondoren, Tolosako (Gipuzkoa) Inmaculada ikastetxean goi mailako heziketa ziklo bat egin zuen: Gizarte Integrazioa. Bere lehen lana turismo arloan izan zen. “Urretxuko eliza erakusteko norbait behar zuten. Garai hartako Urretxuko parrokoari deitu zioten, Iñaki Akizuri, eta honek nire izena eman zuen. Horrelaxe hasi nintzen. Ondoren, hiru lagun historialarirekin batera Gure Iragana kultur elkartea sortu nuen. Ezkio, Urretxu eta Zumarragako elizak erakutsi genituen eta liburu bat idatzi genuen: Ipeñarrietarrak, Austriarren zerbitzupeko leinua”.
Historia oso gustuko du eta, beraz, elizak ondo ezagutzen ditu. Baina bokazioa beranduago piztu zitzaion. “22 urte nituenean, amona hil zen. Beti oso familia batua izan gara eta amonaren heriotza astindua izan zen. Nire bizitzak ze zentzu du? Ze norabide hartu behar dut?, galdetu nion nire buruari. Bestalde, amona gertuago sentitu nahi nuen eta horretarako egokiena elizara joatea zela pentsatu nuen. Izan ere, berak beti fedea erakutsi zigun etxean. Igandero mezetara joaten hasi nintzen. Ondoren, mezan irakurtzea eskaini zidaten, katekesirako laguntza eskatu zidaten, eliza garbitzen zuen emakume taldearekin lan egiten hasi nintzen…”.
Halako batean, Iñaki Akizu parrokoak ea inoiz apaiz egitea pentsatu zuen galdetu zion. “Erabateko sorpresa izan zen, baina galderari bueltak ematen hasi nintzen. Ordura arte oso gustura nengoen, baina egia da egiten nuenak ez ninduela erabat betetzen. Hala, Zumarragako Imanol Prietok apaizak egiten dituen funtzioak erakutsi zizkidan. Kanpotik meza ospatzen dugula bakarrik ikusten da. Hori gure bizitzako gauza nuklearra da, baina beste mila gauza egiten ditugu. 6-7 hilabete pasa nituen Prietorekin eta ondoren hemendik aurrerakoa zure aukera da. Zuk ikusi behar duzu zure bidea den edo ez. Hori konprobatzeko, seminariora joatea duzu onena esan zidan. Hala erabaki nuen. 27 urte nituen”.
«Erlijioari esker bakea sentitzen duzu, ez zara etsipenean erortzen: itxaropenez betetako bidea da»
Sei urte eman zituen seminarioan. “Donostiako seminariora joan nintzen, baina Donostian ez dago ikasteko aukera. Hori dela eta, Iruñean ikasten dugu. Astelehenetik ostiralera Iruñean ikasten nuen eta asteburuetan Gipuzkoara itzultzen nintzen pastoral lana egitera. Herri ezberdinetan ibili nintzen: Zumaian, Aizarnazabalen, Donostiako Gros auzoan…”.
Seminarioan bere bidea aurkitu du. “Seminarioko ikasketek sei urte irauten dute. Lehen bi urteetan filosofia, psikologia, latina eta grekoa ikasten dugu eta ondorengo lau urteetan teologia. Horretaz gain, hainbat hitzalditan parte hartzen dugu alderdi espirituala lantzeko. Asteburuetan herrietara joaten gara katekesia ematera, sendotza prestatzera, jauna etxeetara eramatera… Bizitzari erabateko zentzua aurkitu diot eta nire bidea aurkitu dut. Jainkoak gu zoriontsu bizitzea nahi du. Horrek ez du esan nahi arazorik izango ez dugunik, baina erlijioari esker bakea sentitzen duzu, ez zara etsipenean erortzen. Itxaropenez betetako bidea da. Jainkoak bakoitzarentzat bide bat prestatzen du eta bide hori aurkitzea da gure bizitzako koxka”.
Ilusioa egiten dio bere jaioterrian apaizteak. “Oso pozik nago, baina urduri ere bai. Izan ere, elizan maite ditudan pertsonak elkartuko dira: familia, lagunak, urte hauetan ezagututako jende jator guztia… Maite ditudanek inguratuta Jainkoari benetako baietza ematea sekulako momentua izango da. Zirraragarria”.
Prieto dagoeneko lanean ari da. Alegiako (Gipuzkoa) eta inguruko herrietako beste 11 parrokia ditu bere gain. Ikaztegietatik, Albizturrera. “Jendearekin egon, gaixoez arduratu, katekesia, mezak… Jose Inazio Eguzkitza ordezkatu dut. 26 urte eman ditu bertan eta Azpeitira bidali dute. Azken urtea berarekin eman dut. Oso gustura nago bertan. Ingurua oso ederra da eta bertan ezagutu dudan jendea oso gertukoa eta eskuzabala da. Azken urtea oparia izan da”.
Bere helburua jendeari laguntzea da. “Arrakastaz betetako bizitza sortzeko eskatzen digute: lan ona lortu, beti zoriontsu izan, bidaiatu… Gure bizitza gauza materialez betetzen dugu eta lehen zailtasunaren aurrean erori egiten gara. Jendeak entzuna izateko beharra du. Entzute aktiboa. Jendeak, begietara begiratu eta esaten ari dena entzuten ari zarela ikusteko beharra du. Itxaropena transmititu nahi diot jendeari. Jakin dezala Jainkoa beti gure alde dugula. Gu zoriontsu izatea nahi duela. Eta gure bizitza ez dela hemen bukatzen, betiko bizitza horretara deituak gaudela”.