Idiazabalek Mugiment Pausu Erronka lehiaketan parte hartuko du
Goierriko beste bost udalerrik ere parte hatuko dute. Herritarren artean jarduera fisikoa sustatzeko ekimena da. Kirol orientazio zerbitzua duten 50 udalerritan egingo da.

Idiazabaldarrek Mugiment Pausu Erronka lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute datorren maiatzaren 19tik aurrera. Mugiment Pausu Erronka lehiaketa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Jarduera Fiskoaren Orientazio Zerbitzua duten 50 udalerriren arteko lehiaketa birtuala da. Helburua herritarrek egunerokoan ahalik eta pauso gehien ematea da, osasun fisiko eta emozionala hobetzeko eta jarduera fisikoaren kultura bultzatzeko. Goierrin, beste bost herrik ere hartuko dute parte erronkan: Ezkiok, Olaberriak, Zumarragak, Urretxuk eta Legazpik.
Eneko Ruiz Idiazabalgo kirol orientatzaileak parte hartzera animatu ditu idiazabaldarrak, «Wellk izeneko aplikazio bat jaitsi behar da mugikorrera eta bertan izena eman», azaldu du. Herri bakoitzak talde bezala hartuko du parte lehiaketan, «aplikazioak parte hartzaile bakoitzak egunean zehar egindako pauso kopurua zenbatuko du, gero gainontzeko taldekideek egindakoekin batzeko. Horren arabera sailkapen bat egingo da herri aktiboenak zeintzuk diren jakiteko», kontatu du.
Parte hartzaile guztien artean sariak banatuko dituzte; 75 euroko opari txartelak pauso gehien ematen dituzten emakume eta gizonentzat —desgaitasuna duten pertsonentzako kategoria bereziarekin— eta taldekako sariak ere izango dira. Erronka herritar guztiei zabalduta dago. Informazio gehiagorako idiazabal@aiteko.com helbidera idatzi edo 673 669 868 telefonora deitu daiteke. Idiazabalen gaur gaurkoz 10 pertsona daude izena emanda, baina helburua jende gehiagorengana iristea da.
Jarduera fisikoaz
Idiazabalgo kirol orientazio zerbitzuak adinekoen arteak kirol ohitura osasuntsuak sustatzeko Izalbira paseoak ere antolatzen ditu asteartero. Gainera, ostiraletan kontsulta ere pasatzen du Ruizek, «interesatuei norbere egoerari egokitutako jarduera fisikoko taula» egiteko.
Adinekoak dira Ruizen kontsultara joate diren gehienak, «gero eta jende heldu gehiago dago kirola egiten, gizarte mailan kontzientziazio lan handia egin da eta horren adibide da hori», dio. Kirola egitea modan jarri dela uste du, onerako: «Kirola egiteak onura asko dauzka. Sedentarismoak, aldiz, luzera gaitzak edo osasun eskasia ekar ditzake», dio. Lehiaketa maiatzaren 19tik ekainaren 8ra ospatuko da.