Dena prest Urretxuko Aniztasun Jairako
Hilaren 24an egingo dute, Gernikako Arbola plazan
Maiatzaren 24an Urretxuko Aniztasun Jaia ospatuko dute Gernikako Arbola Plazan, 10:00etatik 16:00etara.
Ekitaldi horren helburu nagusia Urretxun elkarrekin bizi diren aniztasun guztien ospakizuna da. Hau da, guztiok ordezkatzen ditugun aniztasunak herriaren aberastasun gisa ulertzea eta aitortzea. Gainera, elkar ezagutzarako eta aurreiritziak sortzen dituzten hesiak gainditzeko aukera paregabea ere bada.
Aurten, berrikuntza bezala, jasangarritasuna jarri nahi izan du udalak erdigunean. Alde batetik, arropak birziklatu eta margotuz, kolorez eta alaitasunez beteriko talde ekintza bat prestatu dute antolaketan parte hartzen ari diren herritarrek. Bestetik, jakien eskaintzaren ikuspegitik, plater eta edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dira jaki postuetan. Jaira gerturatzen denak, Aniztasun Mahaiaren postuan eskatu ahal izango du bere plater eta edalontzia (doan). Herritarrei eskatzen zaie plater eta edalontzi horiek eskuragarri egongo den garbigunean modu egokian uztea, eta etxerako jakiak erosi nahi izanez gero, etxetik ontziak eramatea. Herrialde ezberdinetako jakiak dastatu ahal izango dira: Argentina, Honduras, Costa Rica, Kuba, Maroko, Mexiko, Herrialde Katalanak, Pakistan, Peru, Sahara eta Senegal.
Jaira gerturatzen direnek hainbat ekintzez ere gozatu ahal izango dute. Ikastaroei dagokienez, saskigintza (Aspace), mantal eta zapi margotze (Gurutze Gorria), pultsera eta hizki arabiar (Alambique Etxea), euskal dantza (Oihane Vicente), henna (Maroko eta Pakistaneko herritarrak), txirikorda (Booloo Elkartea Senegal), kakorratz-lan eta ehoziri (Mairi Elkartea), orri markatzaile (Gazte Bidean), perkusio eta dantza afrikar (Emanbira Elkartea) ikastaroak emango dira. Gainera, Yaima Orozco eta Miguel de la Rosa musikari kubatarrek kontzertua egingo dute.