Arantzazura peregrinazioa egingo dute ekainaren 8an eta 9an zegamarrek
Oinez edo autobusez joateko aukera izango da ohi bezala. Bi eguneko ospakizuna egingo dute Arantzazun eta herrigunean.

Aspaldiko ohiturari jarraituz, Arantzazura erromesaldia egingo dute igandean eta astelehenean zegamarrek.
Ekainaren 8an, 9:00etan eta 10:00etan irtengo da autobusa Zegamatik erromesak apeaderora eramateko. Eskistako txabolan bazkaria egingo dute udalak eskainita 13:30ean eta 17:00etan Arantzazurako bideari ekingo diete berriz. Ordu berean, autobus bat irtengo da Zegamatik Arantzazura eta 19:00etan izango da itzulera. Errosarioa errezatuko dute 20:00etan Santutegian eta 21:00etan afaritara elkartuko dira. Urtero, aterpea zegamarrez lepo betetzen da, gaua bertan igarotzeko.
Antolatzaileek adierazi dutenez, elizako portikoan peregrinazioko gastuei aurre egiteko herritarren laguntza jasoko da beto bezala. Laguntza jasotzea igandeko mezaren aurretik eta ondoren eta autobusen irteeretan egingo da.
Pazko bigarrena, ekainaren 9an
Ekainaren 9an, Pazko bigarrenean, 8:00etan irtengo da autobusa Zegamatik Arantzazura. Herritarrak 10:15ean elkartuko dira Goiko Bentan eta Santutegirainoko prozesioa egingo dute agintariek eta txistulariek lagunduta. 10:30ean meza egingo dute gero.
13:30ean bazkaria izango da eta 15:00etan irtengo dira Zegamara oinez doazenak; 16:30ean autobusez joango direnak. 18:00etan merienda eskainiko du udalak Oazurtzan.
Oinezkoei ongietorria egingo diete herritarrek San Bartolome ermitaren alboan, 19:00ak inguruan, eta ohi bezala haurrentzako gozokiak banatuko dituzte. Ondoren, Ama Birjinari ongi etorria egingo zaio Zupurrutin eta prozesioa San Martin parrokiara joango da gero txistulariek lagunduta. Ondoren, Kasino elkartearen 34. ipuin lehiaketako —Joxantonio Ormazabalen omenezko 11.ena— sari banaketa egingo dute kioskoko plazan eta 19:30ean ogitartekoak era ardoa banatuko dituzte udaletxeko arkupetan. 21:00etan, afaria izango da leku berean.