Lazkaon egingo da 2026ko Kilometroak
1977an Beasain eta Lazkao artean ospatutako lehen ediziotik 50 urte igaro direla ospatzeko edizioa izango da. Lehen bilera irekia datorren ostegunean izango da.

Lazkaok hartuko du Kilometroak jaialdiaren 50. edizioa 2026an. 1977an Beasain eta Lazkao artean ospatutako lehen ediziotik 50 urte igaro direla ospatzeko edizioaizango da. 2003an ere ospatu zen Lazkaon, baina urteurren borobil horrek “izaera berezia” emango dio datorren urtekoari.
Lazkaoko San Benito ikastolak jakinarazi duenez, “Kilometroak ez da jaialdi hutsa, ikastolekiko, euskararekiko eta partekatutako balioekiko konpromiso kolektiboaren adierazpena da”.
Lehen bilera irekia ekainaren 12an
Datorren urteko edizioa antolatzen hasteko lehen bilera datorren ostegunean izango da, hilaren 12an. Ikastolaren Sustraitz eta Agauntza aretoetan egingo dute, 18:30ean hasita. Parte hartu nahi luketen herritar, elkarte eta erakunde guztiak daude bilerara deituta. Horretarako, aurrez izena emateko deia egin dute.
Lazkaoko Udalak ere herritar guztiak animatzen ditu parte hartzera, “euskararekiko eta ikastolekiko konpromisoa agertzeko modu gisa”.