Mozorroak, dantza topaketa eta beste ekitaldi ugari bigarren astebururako
Igandera arte iraungo dute Loinatz jaiek, ekintzaz beteta. Egun osoko festa izango da mozorroen eguna, bihar. Herri kirol jaialdia izango da festetako azken ekintza.

Beasaingo Loinatz jaien bigarren asteburuari heltzeko prest daude beasaindarrak. Egitarauari begira, bete-betea dator igandera artekoa: musika, kirola, kale ikuskizunak, euskal dantzak… askotariko ekintzak izango dira, bertako eta bisitarien gozamenerako.
Egun batzuetako atsedenaren ondoren, erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteerarekin emango zaio hasiera Loinatz jaien bigarren asteburuari. Beasaingo Ekaitz erraldoien eta buruhandien konpartsa izango da kaleak alaitzen, Goizeresi txistulari taldearen, musika eskolako bandaren eta txistularien, eta Doinuzar gaiteroen laguntzarekin. Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira.
Erraldoi eta buruhandien segizioarekin festarako motorrak berotzen hasita, eztarria berotzeko aukera ere izango da Kantu jira taldearekin. Udal Musika Eskolako trikitilariak lagunduta egingo da kantaldia. Igartzatik abiatuko dira eta Bideluzeraino kantari joango dira.
Dantza nahiago dutenek ere izango dute aukera, Dantzaki dantza eskolako dantza erakustaldia izango baita, Gernika pasealekuko pilotalekuan.
Kontzertuak ere, aukeran, gustu guztiak asetzeko moduan. Zea Mays taldea izango da Bideluze plazan, gaur, eta Süne, berriz, bihar, espazio berean. Jendetza inguratzea aurreikusten da. Baina ez dira aukera bakarrak izango.
Mozorro eguna
Mozorro eguna izango da bihar, larunbata. Kuadrillak, gazte zein heldu, goizetik aterako dira kalera. Gazteenek haimak jarriko dituzte Oria ibaiaren ertzean. Udalak ohartarazi du, erabilitako plataformak edo bestelako trasteak jaso egin beharko direla; Zaldizurretako goiko eta beheko plazak ezingo direla okupatu, ezta herriko beste plaza batzuk ere; eta musika ekipoen bolumena 02:00ak alderako jaistea eta kontrolatzea eskatzen dela.
Egun horretan alkoholaren kontsumoa arduratsua izan dadin BotilTZAR edo BotilTXAR ekimeneko boluntarioak kalez kale ibiliko dira. Eraso sexisten aurkako protokoloak ere aktibatuta egongo dira egun osoan zehar.
Elkarteetako kideak sukaldariz mozorrotuko dira. 10:00etan piztuko dituzte suak, San Martin plazan, aurten egin beharreko errezeta prestatzeko. 13:00etan egingo dute sari banaketa.
Dantza topaketa
Loinatz jaietan urteroko hitzordu garrantzitsuenetako bat Ostadar dantza taldearen ekimenez egiten den dantza topaketa da. Aurtengoak 23. edizioa du, eta igandean egingo dute. Ostadar dantza taldearekin batera, bi talde gonbidatuk parte hartuko dute; Gasteizko Adurtzak, eta Berrizko San Lorentzok. 10:45ean emango diote hasiera, auzoetatik ibilaldia eginez. 12:30ean taldeen elkarretaratzea egingo dute Erauskin plazan, eta arratsalde osoan zehar, euskal dantzen erakustaldia egingo dute, kaleetan zehar.
Herri afariak
Aurtengo jaietako berrikuntzetako bat da plaza azpian herri afariak emango direla. Auzolana, euskara eta feminismoa oinarrian, jatekoa eta edatekoa izango dira, 20:00etatik 23:30era.
Asteburuko ekintzen artean, nabarmentzekoa ere, herri kirol erakustaldia izango dela. Igandean, aurtengo Loinatz jaiei amaiera emango dien ekitaldia izango da. Aizkoran Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga izango dira; pentatloian Karmele Gisasola eta Ainhitze Perez; harri-jasotzen, Estefania Etxebeste, Sara Jimenez de Aberasturi, Xabier Aranburu eta Gari Garmendia; eta lasto-altxatzen, Jose Martin Bustintza Tubi.
EGITARAUA
Ekainak 6, ostirala
- 18:00: Erraldoien eta buruhandien irteera, Ekaitz konpartsa, Goizeresi txistulari taldea, Loinatz musika eskolako banda eta txistulariak, eta Doinuzar dultzaineroak.
- 19:00: Korrekintus eta Elektrotxaranga, Txosnagunean.
- 19:30: Kantu-jiraren irteera, musika eskolako trikitilariek lagunduta, Igartzatik Bideluzera.
- 20:30: Dantzaki dantza-eskolaren dantza erakustaldia, Gernika pasealekuko frontoian.
- 21:00: Beasain jaietan urtekariaren egileen eta laguntzaileen afaria, Beti Bizi elkartean.
- 22:00-01:00: Indarkeria matxista prebenitzeko eta aurre egiteko informazio gunea, Bideluze plazan.
- 22:15: Trannce taldearen kontzertua, Bideluze plazan.
- 22:30: DJ Txominek girotuta, aretoko dantzen dantzaldia. Gernika pasealekuko pilotalekuan.
- 22:30: Kontzertuak Txosnagunean: Irtenbide, The Clayton, La Txama eta DJ Oihana Begana. Gauean zehar, bingoa.
- 23:30: Zea Mays musika taldearen kontzertua, Bideluze plazan.
Ekainak 7, larunbata. Mozorro eguna
- 10:00: Sukaldaritza lehiaketa, herriko elkarteen artean, Loinazko San Martin plazaren azpian.
- 11:00: Xirularru taldearekin kalejira.
- 11:00: Toka eta igel txapelketak erretiratuentzat, Arana kalean.
- 13:00: Sukaldaritza lehiaketako jakien aurkezpena.
- 16:00: Eskulan mintegia familientzat: paperezko loreak eta tximeletak egitea. Iturralde plazan.
- 16:00: Gazteen xake txapelketa, Murumendi ikastetxean.
- 16:00-20:00: BotilTZAR edo botilTXAR ekimena, arriskuak gutxituz, gozamenak areagotuz. Herrian barrena.
- 17:30: Iogo Magoa, Txosnagunean.
- 19:00: Nafar joten kantaldia, La Ribera Canta taldearekin, Erauskin plazan.
- 21:00-01:00: Indarkeria matxista prebenitzeko eta aurre egiteko informazio gunea, Bideluze plazan.
- 22:00: Kontzertuak Txosnagunean: Balantza erromeria, 48280, Rebel Noise eta DJ Lizarrusti.
- 23:00: Süne-ren kontzertua, Bideluze plazan.
Ekainak 8, igandea
- 10:00: Iturengo Aurtizko joaldunen esna-deia.
- 10:00: Loinatz musika eskolako txistularien eta tronpeta-jotzaileen esna-deia.
- 10:45: Beasaingo 23. Dantza Topaketa. Dantzarien kalejira, auzoetatik abiatuta.
- 11:30: Ekaitz buruhandi eta erraldoi konpartsaren irteera, Doinuzar dultzainero taldeak lagunduta. Loinazko San Martin plazatik abiatuta Ezkiaga aldera.
- 12:00: 61. Beasaingo Hiria argazki lehiaketako sari banaketa, Igartzako jauregiko erakusketa-aretoan. Jarraian, erakusketaren irekiera. Egutegia eta ordutegia: ekainaren 22ra arte, 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara ere bai; astelehenetan eta astearteetan, itxita.
- 12:30: Beasaingo Dantza Topaketako taldeen elkarretaratzea, Erauskin plazan.
- 17:30: Orain-Bi Zirko-Teatro taldearen Mute kale antzerkia, Erauskin plazan.
- 18:00: Beasaingo 23. Dantza Topaketa, herrian barrena. 18:30ean, azken kalejira Erauskin plazan.
- 18:30: Herri kirol erakustaldia eta jaialdia, Dolarea parkean.