Patata tortillak, Legazpitik Kubara argia bidaltzeko
Hotz Legazpi elkarteak pintxo solidarioak salduko ditu ostiralean, Ilintiren Udafest jaialdian. Legazpiarrei tortillak egiteko eskatu diete. Herriko idazleek ere bat egin dute ekimenarekin.
Duela bi urte ere herritarrek egindako eta emandako tortilla pintxoak saldu zituen Hotz Legazpik, elkartasun helburu batekin.Tere Madinabeitia Hotz Legazpi elkarteak deialdi berezia egin die legazpiarrei ostiralerako. Ilintiko merkatariek antolatu duten Udafest jaiaren barruan, pintxo solidarioak saltzeko postua jarriko du Kale Nagusian, eta patata tortillak egiteko eta elkarteari oparitzeko eskatu die herritarrei.
Duela bi urte ere horrelako eskaera egin zuen Hotz Legazpik, eta 24 tortilla oparitu zizkioten legazpiarrek, pintxoak egiteko. Orduan saldutako pintxoekin guztira 451 euroko diru sarrera lortu zuen, eta diru hura errefuxiatuak laguntzeko izan zen. Oraingoan, Legazpitik Argia Kubari ekimenarekin bat egingo du elkarteak, eta ostiralean jasoko duen diru guztia Kubako William Soler ospitale pediatrikoarentzako elektrizitate hornidurarekin laguntzeko izango da.
Hotz Legazpiren postua Rural Kutxa bankuaren aurrean egongo da jarrita, 19:00etatik 21:00etara, eta bertan salduko dituzte herritarrek emandako patata tortillekin egindako pintxo solidarioak.
Idazleak ere, Kubarekin
Herriko idazleek ere bat egingo dute Legazpitik Argia Kubari ekimenarekin, eta postua jarriko dute inguruan, ordutegi berarekin, liburuak saltzeko. «Erosi liburu bat… eta eraman argia Kubara!» izenburua jarri diote jarduera honi.












