Abian da Legazpitik Kubara "argia bidaltzeko" egitasmoa
Legazpiko hainbat elkarte eta herritarren ekimenez sortua, Habanako William Soler ospitale pediatrikoarentzako eguzki energia fotovoltaikoa sortzen duen bi ekipo erosteko dirua biltzea du helburu. Hasita daude diru bilketa kanpainarekin.
Eman argia Kubari egitasmoaren aurkezpena.Gotzon Aranburu Eman Argia Kubari izenburuarekin, herrialde horrekiko elkartasun egitasmoa jarri dute martxan Legazpiko hainbat elkartek eta herritarrek. Lehen pausoa eman dute dagoeneko, eta Habanako William Soler haurren ospitalearentzako argindar hornidura ziurtatzeko, eguzki energia fotovoltaikoa sortzen duten bi ekipo erosteko dirua biltzea da helburua.
Joan den astean egin zuten egitasmoaren aurkezpena, eta dagoeneko hasi dute diru bilketa kanpaina, uztailaren 25era arte luzatuko dutena, hau da, Kubako iraultzaren urteurrena ospatzen den egunaren bezperara arte.
Kubari laguntzeko 2 eta 5 euroko bonuak jarri dituzte salgai, eta Euskadi-Cuba elkartearen bitartez helaraziko dute lortutako diru hori, ekipo fotovoltaikoak erosteko eta ospitalean instalatzeko. Lehenengo bonuak gaur bertan erosi ahal izango dira, Beti Gazte Animakzio elkarteak antolatuta Latxartegin gaur arratsaldeko 199:00etan egingo den Hutsune handi bat dokumentalaren emanaldian.
Laster jakinaraziko dituzte salmenta puntu gehiago, eta bitartean, Caja Rural erakundean zabaldutako kontu korronte zenbaki baten berri eman dute: ES36 3008 0210 1057 8603 5120.
Kubaren larritasun egoera
Kubak bizi duen larritasun egoerarekiko legazpiarrek bizi duten kezkak bultzatu du egitasmo honen sorrera. “Zer egingo genuke Legazpin eguneroko ordu gehienetan argi indarrik ez bagenu? Zer gertatuko litzateke Euskal Herrian petrolio edo gasik jasoko ez bagenu?. Zein erabaki hartu beharko lirateke ospitaletan argia faltako balitz?”. Galdera horiek planteatuz hasi zuten kanpainaren nondik norakoaren azalpena, horrelako egoerak Kuban gaur egun gertatzen direla gogoratuz.
“Estatu Batuetako gobernuak 60 urte baino gehiago daramatza Kuba blokeatzen, baina azken hilabeteetan giza eskubide guztiak urratzen ditu”, eta egoera hori gehien sufritzen dutenak pertsona zaurgarrienak direla azpimarratu zuten: “Pertsona helduak, aniztasun funtzionala dutenak, gaixoak eta umeak”.
Legazpik egoera hori arintzen lagundu dezakeela pentsatuz, umeengan arreta jarri eta urtean 160.000 paziente artatzen dituen William Soler ospitale pediatrikoa laguntzea erabaki dute Eman Argia Kubari egitasmoaren bultzatzaileek: “Gure laguntza behar dute eguzki energia sortzen duen plaka fotovoltaikoko bi ekipo handi erosteko eta han instalatzeko”.
Ekintza gehiago aurrerago
Hau hasiera besterik ez da, aurrerago ere gauzatuko dituztelako ekintza gehiago. Kubari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea da bat, oraindik datarik ez duena, eta diru bilketa kanpainari amaiera emateko ekitaldia da beste bat, uztailaren 25ean bertan egingo dena Karibe Zaharra taberna inguruan.
Eta aurrerago, orain plaka fotovoltaikoen ekipoaren erosketa jomuga duen kanpaina bezala, haur jaioberrientzako esnearen eta kirofano baten inguruan beste bi kanpainaz ere hitz eginda daude taldeko eragileak.














