Euskal kooperatibismoari buruzko erakusketa inauguratuko dute gaur Fabrikan
Jose Maria Arizmendiarretaren ibilbidea du oinarri. Asteburuetan egongo da ikusgai, azaroaren 1era arte.
Jose Maria Arizmendiarreta, euskal kooperatibismoaren hastapenak izenburuko erakusketa inauguratuko du gaur Lenbur Fundazioak Fabrikan, 18:00etan. Azaroaren 1era arte egongo da ikusgai, asteburuetan: ostiraletan 18:00etatik 20:00etara, larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 11:30etik 13:30era.
Mondragon kooperatiba-mugimenduaren sustatzailearen pentsamenduari eta obrari buruzko erakusketa da hau. Zehazki, Jose Maria Arizmendiarrietaren (1915-1976) ibilbidea eta pentsamendua jasotzen ditu. Apaiza eta pentsalari praktikoa izan zen Arizmendiarreta, eta hezkuntzaren, lanaren eta elkartasunaren inguruko ideiak proiektu zehatz bihurtu zituen; proiektu horiek sakon eraldatu zuten Arrasateko gizartea.
Erakusketak bere obra nagusia izan zenari jartzen dio arreta: kooperazioari. Haren ibilbidearen bidez, euskal kooperatiba-mugimenduaren garapenerako funtsezkoak izan ziren ekimenak nola bultzatu zituen ezagutzeko aukera izango da: Lanbide Eskolaren eta ULGORren sorreratik hasi, eta Fagor, Euskadiko Kutxa, Auzo-Lagun eta Ikerlanen gisako proiektuetaraino, besteak beste.
Biografia kronologiko batetik harago, erakusketak haren pentsamenduaren zutabeetako batzuk jorratzen ditu: hezkuntza, berrikuntza, etxebizitza, finantzaketa, euskal kultura, eta emakumea eta lana.
Garaiko argazkiek, objektuek eta etxetresna elektrikoek osatzen dute ibilbidea, Arizmendiarrietaren figura eta euskal kooperatibismoaren erreferente nagusietako baten jatorrian dauden ideiak gertutik ezagutzeko aukera eskainiz.













