Legazpiko atez atekoaren aurkako plataformari
Jesus Mari Urbegain • Legazpiar bat Sasieta Mankomunitateak Legazpiko Udalarekin elkarlanean antolatuta hitzaldia egin da azaroaren 27an, 19:00etan, Legazpiko Latxartegi zineman, Kataluniako atez ateko bilketaren inguruko esperientzia ezagutzeko. Hon...
Jesus Mari Urbegain • Legazpiar bat
Sasieta Mankomunitateak Legazpiko Udalarekin elkarlanean antolatuta hitzaldia egin da azaroaren 27an, 19:00etan, Legazpiko Latxartegi zineman, Kataluniako atez ateko bilketaren inguruko esperientzia ezagutzeko. Honen harira, atez atekoaren kontrako plataformakoek hainbat kartel ipini dituzue herrian. Horiekin bi gauza eskatzen dituzue: bat, hitzaldira ez joateko eta bi, atez atekoaren kontrako elkarretaratzera joateko.
Ni kezkatu nauena lehen eskaera hori izan da, hitzaldira ez joateko eskaera. Hain gaiztotuta dagoen gaia izanik, inguruan dagoen informazioa hain nahastuta egonik, herritarrek horrenbeste aurreiritzi dutelarik, nola da posible halako eskaera egitea? Zer dela eta eskatzen duzue zaborrak biltzeko beste modu baten inguruko informazioa jasotzera ez joateko eta galderarik ez egiteko? Hori eskatzea zilegi al da? Zuei jaramon eginez gero nondik abiatzen da kritika? Ikuspuntua nola eraikitzen da? Zeren beldur zarete? Hitzaldiak herritarrak konbentzitu egingo dituen beldur? Ez al zarete konturatzen zuen izaera zein den nabarmen geratzen dela?
Bestalde, kalean ipini dituzuen kartelak gaztelera hutsean daude. Eta euskaldunak? Non utzi gaituzue? Zuek egindakoari nola deituko diogu? Zaborrak biltzeko atez ateko arautegia «inposizioa» dela esaten baduzue, zuek gaztelera hutsean idatzi izana nola kalifikatuko zenukete? Dagoeneko zuetako bakarren batek akatsa izan dela adierazi dit. Akatsa?
Euskara ahoz aho erabili ordez zakarrontzira botako al dugu?













