Herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik
Martxoan espazio publikoa feminismotik lantzeko gakoak ezagutu ondoren, apirilean herri hezitzaileak izango ditugu aztergai. Gaur Baztango Lekarozen izan gara Hiritik At-ek eta Oinherrik elkarlanean sortu duten liburuxkaren aurkezpenean eta laster Zaldibian izango ditugu. Jarraitu irakurtzen.
Hezkuntza eta hirigintza, lehen begirada batean elkarrengandik urrun egon daitezkeen bi lan arlo, bi egiteko modu ezberdin bezala ikusten badira ere, etengabeko elkarreraginean daude, eta biak elkartu eta elkarrekin herriak antolatzeko eredu berri bat osatzeko erronkari heldu diote Oinherrik eta Hiritik At-ek.
Hala, Oinherrik proposatzen duen herri hezitzailearen filosofia egikaritzen dituen 7 giltzarriak, Hiritik Aten herri antolamenduaren 5 dimentsioekin uztartzea izan da helburua. Haurtzaroaren kultura, jolasa, parte hartzea, natura, aniztasuna, feminismoa, euskara, auzolana eta komunitategintza; lurralde antolaketa orekatua, des-hazkundea, desmerkantilizazioa, herrien bernaturalizazioa, mugikortasuna eta kaleen birjabetzarekin harilkatu eta uztartzea.
Urtebeteko lanketa kolektibo baten ondoren, elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz egin dute lan. Eta emaitza moduan, “Herri Antolamendua Herri Hezitzailearen ikuspegitik” izeneko liburuxka sortu da, gaur Baztango Lekarozen aurkeztu dena.
Ez da aurkezpen hutsa izan, ordea. Jardunaldia antolatu dute egitarau oparoarekin eta Udalbiltzaren babesarekin. Bertan, liburuxkan jasotakoen inguruan hausnartzeko eta bertan proposatzen den norabidean jada gauzatzen ari diren esperientziak ezagutzera emateko aukera izan da.
Eta tartean, Zaldibian martxan dugun esperientzia ere bai, Xotil Natke herritarra hizlari dela.
Apirilean, berriz, Hiritk At eta Oinherri izango dira gure herrira etorriko direnak, liburuxka hau aurkeztera eta espazio sorkuntza ikuspegi hezitzailetik eta auzolanean garatzeko gakoak elkarbanatzera. Laster emango dugu apirileko deialdien berri.