Laugarren urtez, Lazkao Txiki Musika Eskolak musikaz, hitzaldiz eta musikarekin lotutako beste espresiobide ugariz beteko du astebete. Astelehenetik hurrengo igandera ospatuko du 4. Kultur Astea, 18 ekitaldirekin, «ikasi, entzun eta eskaintzeko».
Bi tailer, bi hitzaldi, bi lehiaketa, bi kontzertu didaktiko, sei kontzertu berezi, ikuskari bat eta hiru kale animazio prestatu ditu, Aitor Biain zuzendariak azaldu duenez. Gerriko elkarteak, Oin-Arin dantza taldeak eta San Benito ikastolak ere parte hartuko dute, eta udalak diruz lagundu.
Berritasun bat Lazkaoko I. Trikiti Txapelketa da. Goierriko zazpi bikotek parte hartuko dute, apirilaren 1ean, frontoian. Trikiti-pandero bikotea izan behar dute; garaikurrak, txapela eta diru sariak izango dira.
Euskal Kantu Lehiaketa ere egingo da, astelehenean, 3. aldiz. Euskaraz abestuak izan behar dute, jatorrizkoak ala aurten berritasun gisa bertsioak ere bai. 12 talde daude izena emanda.
Esne Beltzako Xabi Solano
Hitzaldien arloan, Esne Beltza taldeko Xabi Solano gonbidatu dute. Bizitzako pasarteak eta musika esperientziak hitzez kontatu, eta kontzertu txiki bat joko du, martxoaren 29an.
Bestetik, gitarrak egiten dituen Sergio Casllejo luthierrak ere hitzaldia egingo du.
Ikus-entzunezkoak iaz arrakasta itzela izan zuela eta, aurten ere Beñat Barandiaran gitarra irakasleak prestatu du bat: Erraiak. «Hemen bertako musika eta anglosaxoia ezagutzen ditugu gehien bat, baina mundua oso zabala da, eta hainbat musika kultura ezagutzeko gonbidapena egiten du», dio Barandiaranek. Film mutua da, 1:10 minutukoa, «munduan zehar bidaia».
Urtean zehar musika eskolan egiten duten lana kalera, plazara ateratzea da kultur astearen helburu bat. Aukera asko izango dira gozatzeko. Bat, Musika kalean ekimena. Ordu eta erdian, skate pistan, Manueleneko plazatxoan eta plazako frontoian kontzertuak joko dituzte, ikasleek. Konboak ere ariko dira.
EGITARAUA: 4. kultur astea· Martxoak 27. 13:30, musika grabaketa I tailerra. 18:00, III. Euskal?kantu lehiaketa, Arerian.
· Martxoak 28. 13:30, musika grabaketa II. 18:30, Sergio Callejo gitarra luthierraren hitzaldia, kultur etxean. 21:30, ‘Erraiak’ ikus-entzunezkoa Arerian, Beñat Barandiaranekin.
· Martxoak 29. 13:30, musika eta inprobisazioa I tailerra. 14:30 eta 15:30, ‘Vivaldiren lau urtaroak’, Arerian, ikastolakoentzat. 17:30, ‘Vivaldiren lau urtaroak’, irekia. 19:00, Xabi Solanoren hitzaldia, kultur etxeko aretoan.
· Martxoak 30. 13:30, musika eta inprobisazioa II. 14:30, ‘Erraiak’ emanaldia ikastolakoentzat. 17:00-18:30, ‘Musika kalean’, kontzertuak hiru tokitan. 18:30, Ehunzango batukada.
· Martxoak 31. 14:30, ‘Eskolopendra’ ipuin musikatua, ikastolakoentzat. 17:00, ‘Rezikletas’ kale antzerkia, plazan. 19:30, konbo taldeen kontzertua, frontoian.
· Apirilak 1. 17:00, Lazkaoko I. Trikiti Txapelketa, frontoian.
· Apirilak 2. 11:00, txistulariak. 12:00, Aurtizko joaldunak. 12:30, ‘Lazkao Txiki Gogoan’ ekitaldia, Lazkao Txiki Zelaian.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.