Mikel Urteaga Azkue: «Zortzi finalistari gaiak jartzea erronka bat da niretzat, eta gogoa dut»

Ez da bertsolaria, baina bertso munduan erabat murgilduta dago Mikel Urteaga (Beasain, 1982), gai jartzaile zein epaile lanetan aritzen baita. Finalesten saioa aurkeztuko du bihar Ordizian.

Mikel_Urteaga

Euskal Herriko Bertsolari txapelketako finalistek Ordiziako Majori kiroldegian abestuko dute bihar. Bertan izango dira Maialen Lujanbio txapelduna, Aitor Sarriegi beasaindara, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Igor Elortza eta Alaia Martin (Unai Agirreren partez). Punta- puntako bertsolariak denak ere, baina… zer da bertso saio bat, gai jartzailerik gabe? Aurtengoan, lehen aldiz, Mikel Urteagarena izango da ardura. Saioa seriotik hasi eta umoretik amaituko dela aurreratu du.

Nondik datorkizu bertsolaritzarako zaletasuna?
Bertsoekin aurreneko lotura ume-umetan izan nuen, hamar hamaika urterekin, Ordiziako bertso eskolan. Pare bat urtez izan nintzen han. Hamabi urterekin, ordea, futbolean hasi nintzen eta bertso eskola utzi nuen.  Ordutik, ikusle edo entzule bezala jarraitu izan dut bertsolaritza. Bat-batean ez dut inoiz abestu.

Abestu ez, baina gai jartzaile eta epaile lanetan aritzen zara. Nola hasi zinen?
Beti eman izan zidan arreta epaileen lanak. Galdera asko nituen, ea nola baloratzen zituzten bertsoak eta abar. Iñaki Apalategi bertsolaria kuadrillakoa dut, eta nire zaletasuna ikusita, hark animatu ninduen epaile eskolara joatera. Justu garai hartan, duela bizpahiru urte, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasi behar zen, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak deialdia egin zuen epaile taldea osatzeko. Izena eman nuen, eta halaxe hasi nintzen. Hala, Gipuzkoako txapelketan aritu nintzen lehen aldiz epaile. Garai berean, gai jartzaile izateko ikastaroa ere egin nuen.

Eta noiz izan zenuen gai jartzaile aritzeko lehen aukera?
2015ean, Beasaingo udazkeneko bertso saioan. Arrano Elkarteak antolatzen du, eta Iñaki Apalategik bazekienez gai jartzaile ikastaroa egina nuela, proposatu egin zidan. Eta ni gustura. Orduz geroztik, urtero izan naiz udazkeneko saioko gai jartzailea. Lazkaoko Maizpideko goierritar gazteen bertso saioan ere aritzen naiz, eta aurten Ordiziako plazan ere aritu nintzen.

“Bere onena emateko bidea eman behar dio gaiak bertsolariari, publikoak gozatzeko”

Zein osagai behar ditu gai on batek?
Gai bat testuingurua kontuan izanik prestatu behar da beti: zeinentzako saioa den, antolatzailea zein den… Horrez gain, bertsolariak ahalik eta gehien ematea ahalbidetu behar du gai batek. Bertsolariak nondik heldua izan behar du, eta gaiak bere onena emateko bidea eman behar dio, hartara publikoak ere gozatzeko. Dena den, momentuak markatzen du gaia ona den edo funtzionatzen duen. Gai berak ez du berdin funtzionatzen bi momentu ezberdinetan.
Gai irekien eta itxien artean asko eztabaidatu da azkenaldian.

Zein iritzi duzu zuk?
Iritzi kontrajarriak ditut, argi posizionatzen uzten ez didatenak. Alde batetik, gai irekiekin bertsolariak sortu behar du istorioa. Era berean, aukera gehiago ematen ditu lehenagotik hausnartutako lana izateko. Gai itxiago batek, berriz, denen bertsoek antzekoagoak izatea eragingo luke, esaterako, kartzelakoan. Eta bertsolariak ere helduleku gutxiago du.

Zer iruditu zaizkizu aurtengo txapelketako gaiak?
Aurten inoiz baino gehiago begiratu diet gaiei, eta sekulako lana egin dutela iruditzen zait. Gai abanikoa oso zabala izan da, eta bakarkakoetan, gai irekienek ere bazuten heldulekua, ez ziren irekiegiak.

Zein prozesu jarraitzen duzu  gaiak prestatzeko?
Lehendabizi gaiak pilatzen ditut, eta gero saioa egituratzen dut. Umorezko gaiak bilatzea errazagoa suertatzen zait. Egoera bat imajinatu eta etorri egiten zaizkit. Gai serioagoak sortzea, berriz, gehiago kostatzen zait. Gai serioagoak, aktualitateari gehiago loturik daudenak, saioa gerturatu ahala prestatzen ditut, gaurkotasuna izan dezaten. Azken aste horretan prentsa, Internet… arakatzen ditut.

Ordiziako saioa aurkeztuko duzun lehen aldia da. Nola sentitzen zara?
Zortzi finalistari gaiak jartzea erronka bat da niretzat, eta gogoa dut, ilusioa egiten dit. Plaza handi bat izango da, eta nire burua paper horretan ikusteko gogoa dut. Saio ona aterako den esperantza dut, eta ea gaiek ere onena emateko bidea ematen dieten bertsolariei.

Baduzu kuttunen bat zortzi horien artean?
Bakarra ez nuke aukeratuko. Aurten, esaterako, asko poztu naiz Mendiluze buruz burukora iritsi delako; ondo merezita pasa zen, nire ustez. Beti gustatu zaidan bertsolari bat da. Bertsoa nola osatzen duen eta puntuak elkarren artean nola josten dituen asko gustatzen zait. Ametsek nola kantatzen duen ere gustatzen zait, Maialen entzutea plazera da… Tartean beasaindar bat ere bazen, Sarriegi, eta pena pixka bat hartu genuen ez zelako buruz burukora pasa, baina gustura.

“Egitura aldetik saio informala izango da Ordiziakoa. Seriotik hasi eta umoretik amaitzen saiatuko naiz”

Nola ikusten duzu bertso zaletasuna Goierrin?
Ez nintzateke balorazio orokor bat ematen ausartuko, ez dudalako egoera barrutik ezagutzen. Baina nik Zaldibian egiten dut lan, eta han Gartxot Ramirez, Hodei Munduate eta Maide Jauregi datoz, esaterako. Hasi dira bat-batekoan eta horrek ilusioa eragiten dit.

Zer nahiago, gai jartzaile ala epaile?
Ez nuke bat aukeratuko, ez nuke jakingo zein, oso ezberdinak baitira. Biei ikusten dizkiet alde onak eta txarrak. Gai jartzailearena, esaterako, barrutik egiten duzun lan bat da, parte hartzaileagoa. Saioan, momentuan bertan ikusten duzu zein etekin ateratzen dioten gai horri, eta ea balekoa den. Alde txarra da, askoz lehenagotik hasten zarela buruari bueltaka. Epaileen lana, berriz, momentukoa da gehienbat. Baina momentuan oso adi egotea eskatzen du, eta tentsio handiko lana da, azken finean, epaitzen ari zaren horrek ondorio batzuk dituelako.

Epaileen lana subjektiboa dela esango zenuke?
Noski, epaile lanetan badago subjektibotasun puntu bat. Azken finean, pertsona batek esaten duenaren interpretazio bat egiten dugu. Saiatzen gara ahalik eta era objektiboenean epaitzen, baina jakinda subjektibitatea presente dagoela. Puntuaketan egon daitezke aldeak epaile batetik bestera, baina oso arraroa litzateke batek lehenengo postuan duena besteak azken postuan izatea. Eta amaieran epaile guztien media egiten da.

Zer esango zenioke jendeari urtarrilaren 6ko saiora joateko?
Puntako bertsolariak etxe ondoan ikusteko aukera izango dutela, txapelketa amaitu berri denean. Era berean, txapelketako saio batetik ezberdina izango da Ordiziakoa. Batetik, egitura informalagoa izango du. Seriotik hasi eta umoretik amaitzen saiatuko naiz. Bestetik, bertsolariak txapelketako prestaketarekin etorriko dira, baina tentsio hori gabe ikusi ahal izango ditugu.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend