Judo Legazpi, igandean Olaria saria jasotzeko prest
Herritarrek proposatuta jasoko du aitortza Santikutz egunean, ohiko ezpata-dantzaren ondoren.
Jose Manuel Paternain eta Asier Berasategi, Legazpi Judo klubeko lehengo eta oraingo lehendakariak.Tere Madinabeitia Maiatzaren 3a da Santikutz jaien egun nagusia, eta horren barruan ezpata-dantza eta Olaria sariaren banaketak dira ekitaldi aipagarrienak. Ezpata-dantza Sustraiak taldeko dantzariek egingo dute Goiz Deia txistularien laguntzarekin, eta Olaria Judo Legazpi klubak jasoko du ondoren. Kirol honek herrian egin duen ibilbide luzeari egingo diote aitortza horrela.
Olaria saria herritarrek egindako hautagaien artean banatzen da. Judo Legazpi klubak bi izendapen jaso ditu aurten. Batek honela defendatu zuen izendapen hori: “Legazpiko ume eta gazteei, kirolaz gain, egunerokoan honako balore hauek erakutsi eta transmititzeagatik: errespetua, apaltasuna, adiskidetasuna, talde lana, tolerantzia, motibazioa eta diziplina”. Besteak, klubak betetzen dituen 40 urteetan jarri zuen fokua: “Aurten, Judo Legazpik 40 urte betetzen ditu. 40 urte hauetan Legazpiko haur eta gazte asko pasa dira Judo Legazpitik. Bertan, gizarte hobeago bat sortzeko baloreak irakatsi dizkiete . Horregatik , Legazpiarrek, Olaria Saria 40 urte hauetan egindako lana eskertzeko modurik politena litzatekeela pentsatzen dut”.
Historia luzeko kluba
Judoa Legazpira 1974.an iritsi zen Manuel Agirre eta Alfredo Medinaren eskutik. Haztegi ikastolako gimnasioan hasi ziren lehen entrenamenduekin, baina 1985ean jarduera Bikuñako kiroldegi berrira eraman zuten, Jose Manuel Paternainek gidaritza hartzearekin batera. Hurrengo urtean, 1986ko martxoaren 23an eratu zuten ofizialki Judo Legazpi kluba. Paternain zen presidentea, Jose Ramon Pato presidenteordea, eta Javier Balerdi idazkaria, Jesus Nuñez, Roberto Velasco eta Roger Hidalgorekin batera.
Paternainek 32 urte egin zituen klubaren buruzagitzan, eta tarte horretan judoa herrian sendotu zuen, belaunaldi askotako judokak prestatu zituen eta jiu‑jitsuaren praktika ere bultzatu zuen. 2018an Asier Berasategik hartu zion erreleboa.
Gaur egun judoa tokiko kirolaren erreferente bihurtuta dago Judo Legazpi klubari esker. Makina bat haur eta gazte trebatu ditu klubak tatamietan, eta hainbat maila altuko txapelketatan parte hartzera iritsi dira. Herrian bertan ere egiten dira txapelketak, nazioarte mailako Legazpi Herria horien artean.
Pandemiak mugarri bat ezarri zuen kirol honetan, eta orduko egoerari egokitzeko, Haztegi ikastolako gimnasiora itzuli zen klubaren jarduera. Bertan jarraitzen du oraindik.













