“Euskaraz hitz eginez gero, kalera!”

Idiazabal eta Zumaiakoren arteko futbol partida, artxiboko irudi batean.

Idiazabal eta Zumaiakoren arteko futbol partida, artxiboko irudi batean.

“Bakarren batek euskaraz hitz egin badu, kalera joango da!”. Manuel Sarrion Gonzalez Andaluziako eskolako futbol epaileak hitz horiekin hasi zuen atzo arratsaldean Idiazabalek eta Elgoibarrek Arizkorretan jokatu zuten partida aurreko bilera. Erregional Preferente mailako partida hutsean bukatu zen, eta jokalariek ez zuten euskaraz egin.

Kirol egunkari ezagun batek Matias Aranburu Idiazabal Kirol Elkarteko hitzak bildu ditu: “Hitz batzuk ulertzen dituela bai, baina ez zela irainak eta bestelakoak ulertzeko gai izango esan zuen. Harro antzera hitz egin zuen, eta jokalariak kanporatzeko mehatxu egin zuen. Guk esan diogu hemen beti euskaraz egiten dela, eta irainik egonez gero, ulertuko zituela, baina alferrik izan da”. Omar Aizpuru Elgoibarko entrenatzaileak antzeko adierazpenak egin ditu, eta gogoratu du abenduan itzuli dela atzera Andaluziatik, eta jarrera horrekin “atentzioa eman” nahi izan duela.

Bi klubetako ordezkariek bilera egingo dute, eta salaketa gutunak bidali behar dituzte federaziora eta epaileen batzordera. “Lotsagarria da”, adierazi du Idiazabalgo presidenteak. Horrez gain, Idiazabalgo atezainari galtzerdi zuriak kenduarazi eta urdinak jantziarazi zizkion epaileak, eta bi taldeak aldagelatik elkarrekin ateratzera behartu ditu, epailea bera aurrean zela.

 

 

 

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend