XIX. eta XX. mendeko musikari gabiriarra
Valentin Larrea musikari gabiriarrari buruzko liburua eta dokumentala aurkeztuko dituzte Gabirian, bihar. Liburua eskuragarri egongo da.
'Ahanzturatik itzulia' liburuaren eta dokumentalaren aurkezpena, Donostian.Aimar Maiz Valentin Larrea Iturbe (Gabiria, 1876 – Iruñea, 1970) piano jotzaile, konpositore eta musikari gabiriarraren jaiotzaren 150. urteurrena bete da aurten. Omenaldi gisa, Ahanzturatik itzulia dokumentala eta liburua osatu dituzte. Ikus-entzunezkoa Aitor Arruti zinegile andoaindarrak zuzendu du, eta liburua Aimar Maiz kazetari gabiriarrak idatzi du. Hilaren 2an, Donostian aurkeztu zituzten bi proiektuak, baina, orain musikariaren sorterrian egingo dute aurkezpena ostiralean, Gabiriako kultur etxean, 18:30ean.
Proiektua Larrea musikariaren biloben «kezka» batetik sortu zela dio Maizek «Berazadi-Larrea familiak bazekien beraien aitona musikaria, pianojolea eta konpositorea izan zela, baina sekula ez ziren musika hori entzuten jarri». Beraz, «pianojolearen bilobak duela 7 urte hasi ziren musikariaren lana eta bizitza berreskuratu nahian».
Jakinmin hori abiapuntutzat hartuta hasi ziren proiektu horiei forma ematen. Familian biloba asko dira, baina bereziki bik bultzatu dutela proiektua dio kazetariak, «Elena eta Maria Teresa Berazadi Larrea ahizpek».
Liburua gehiago Valentin Larrearen biografian oinarritzen da. Dokumentala, aldiz, gehiago «Berazadi-Larrea bilobek beraien arbasoaren bizitza eta musika berreskuratzeko egin duten prozesuan», azpimarratu du kazetariak. Gehitu du liburua idazteko familiak gordeta zuen dokumentazioa «ezinbesteko» informazio iturria izan dela: «Gordeta zituzten musikariaren oroigarri, diploma eta sariak».
Gabiriarra bere garaian musikari ospetsua izan zen, baina gaur egun «adintsuenek kenduta» ahaztuta dagoela aitortu du Maizek. Hor, liburua idazteko izan duen arrazoietako bat. Hala eta guztiz ere, idazten hasi aurretik hutsune handia zegoela dio: «Duela mende eta erdi jaio zen, eta hemeroteketan informazioa agertzen bazen ere, bilaketa lan sakona eskatu du».
Informazio iturriak
Informazio bilketa lanean hasi eta leku batean bakarrik aurkitu zuela musikariaren inguruko informazioa azaldu du Maizek: «Auñamendi entziklopedian zetorren Valentin Larreari buruzko sarreratxo bat eta gutxi gehiago». Horregatik, hemeroteka askotan begiratu duela dio: «Madrilen ikasi eta Iruñean bizi zelako leku horietako, garai horretako, prentsan bilatzen nuen».
Idazleak aipatzen dituen beste iturri batzuk dira, gaur egungo musika ikasleen gradu edo master amaierako lanak. Bi nabarmendu ditu: «Bata, Ignacio Arakistain organista azpeitiarra, Musikene saria irabazi zuen Valentin Larrearen lanarengatik. Bestea Iñaki Gezala irungo pianista. Horrek ere gradu amaierako lanean, Valentziako unibertsitatean, Valentin Larrearen musika eta bere estiloa landu zuen».
«Gozoki gustagarria»
Valentin Larrearen bi bilobek ezagutzen zuten lehendik Maiz, «herrian musikariaren inguruko kontzertu batzuk antolatzen lagundu nielako». Horretaz gain, Gabiriako Memoria Historikoko lan bat egin zuen kazetariak. «36ko gerraren inguruko liburu bat». Liburua ikusita zeukaten, eta hori kontutan hartuta beraien arbasoaren inguruko liburua idazteko pertsona egokia zela iruditu zitzaien.
3 urte inguru igaro ditu Maizek liburua idazten amaitzeko. Gehitu duenez, bi helbururekin abiatu zen: «Batetik, Valentin Larrearen bizitza eta biografia lantzea; nor izan zen, zer egin zuen, non ikasi zuen edo musika jotzen non ibili zen…». Bestetik, musikariaren lana «ezagutaraztea».
Kazetari ofizioan horrelako lanak «gozoki gustagarriak» direla aitortu du Maizek. Gaineratuz barruko sen batek esaten ziola: «Hemen pertsonaia interesgarri bat dago aztertzeko». Asebeteta dago emaitzarekin.
Gabiriatik Iruñeara Madrildik pasata eraman zuen musikak Larrea
Musikaren munduan asko mugitu izan zen bere garaian Valentin Larrea pianojole eta konpositore gabiriarra. Melinton Larrea, bere aita, izan zen organoa jotzen erakusten hasi zitzaiona. Aita elizako organojolea, eskolako maisua eta udaletxeko idazkaria zen.
17 urterekin Madrilera joan zen konpositore eta pianojole ikasketak egitera konterbatorio nazionalean. Hura bukatu ondoren, Iruñeko Eslava Kasinoan pianojole postua lortu zuen oposizioetan mailari onena erakutsi ondoren. Han, 50 urte eman zituen lanean, jubilatu zen arte. Hala ere, Iruñeko Orfeoian, orkestra sinfonikoan edo Aramendia boskotean ere jo zuen, piano klaseak emateaz gainera.
Larreak Iruñean zuen bere lana eta bizitza. Urte osoa bertan igarotzen bazuen ere Gabiriara urtero itzultzen zela dio liburuaren idazleak: «Abuztuan Gabiriara etortzen zen, herriko festak tarteko, familiako etxean egonalditxo bat egitera». Gaineratu du sorterria ez zuela «ahaztu». Konposizio batzuk ere eskaini zizkion bere herri kuttunari dio Maizek: «Mendi Mendiyan edo 1912an eskolak inauguratu ziren egunerako martxa ere bai».













