«Hegialde hitza entzutean, poza eta harrotasuna sentitzen ditut»
Hegialdeko jaien 50. urteurrenak bultzada eman diote auzo elkarteari. Datorren urtean izango da ospakizuna, eta Sonia Manso lehendakariak aurreratu ditu prestatzen ari diren ekintzak.
Datorren urtean mende erdia beteko dute Hegialdeko jaiek, eta urteurren horren gertutasunak berpiztu egin du San Joan, Urtatza, Laubide eta Ariztiaundi elkartzen dituen auzo multzo honen komunitate izpiritua. Gainera, hainbat auzotarren lanari esker, auzo elkartea indarberritu dute. Sonia Manso da 1978ko aldarrikapenetan jatorria duen elkartearen gaurko lehendakaria.
Zer da Hegialde zuretzat?
Hegialde hitza entzuten dudanean, poza eta harrotasuna sentitzen ditut, batez ere auzo elkartearen hastapenak ezagutu nituelako 1978 inguruan. Auzo hauetara bizitzera etorri zen jendearen premiak ikusi eta hainbat bizilagun elkartu egin ziren, errepideak asfaltatzea, farmazia bat, kutxazain bat, autobus geltoki bat eta beste hainbat aldarrikapen egiteko.
Noizkoa da elkartea?
Auzo elkartea 1986an formalizatu zen berez, baina esan bezala, bere ernamuina 1978 ingurukoa da. Orduan hasi ziren lanean auzotarrak, idiosinkrasia, problematika eta behar propioak zituen auzo talde baten alde. Gaur egun Hegialdek Legazpi osoko biztanleen herena biltzen ditu.
Noiz hasi zinen zu auzo elkartean lanean?
Elkarteko antolaketa lanean 14 urte nituela hasi nintzen. Eskubaloian jokatzen nuen orduan, eta nire entrenatzaile ziren Manolo Mugerza eta Ibon Altzelaik errekrutatu ninduten, jai batzorderako. Kalean kartelak jartzen hasi nintzen, jai egitarauak etxez-etxe banatzen, jaietan pintxoak prestatzen… Eta orain, 52 urte ditudala, oraindik lanean jarraitzen dut, erreleborako gazteak lotzen.
Zer eman dizu Hegialdek denbora honetan?
Hegialdek poz asko eman dizkit, baina buruhausteak ere bai.
Zeintzuk dira buruhauste horiek?
Gure lan nagusia jaiak aurrera ateratzea izan da, eta horretarako urte osoan jarduten dugu, dirua lortzeko ekitaldiak antolatzen batez ere, udalak ematen diguna ez delako nahikoa.
Nola lortzen duzue hiru hori?
Irailean hasten gara hurrengo ekainari begira, eta lehen lana Gabonetako saskia prestatzea da, auzoko eta kanpoko merkatariei laguntza eskatuta. Batzuk produktuak ematen dizkigute, beste batzuk dirua… eta horrela osatutako saskiaren zozketarekin, elkarterako eta jaietarako dirua lortzen dugu. Bestela, urte osoan zehar kamisetak, zapiak, jertseak, banderak eta beste material batzuk saltzen ditugu, eta martxo edo apiril aldera Hegitalo festa egiten dugu. Eta ez ditugu ahaztu behar auzoko tabernak eta auzokoak eta gaur kanpoan bizi diren auzotarrak, horiek ere ekonomikoki laguntzen dutelako. Hori guztia, jaiak antolatzeko. Jaiak amaitzean oso pozik geratzen gara, baina aurretik urduri ibiltzen gara-
Jaien antolakuntzaz gain, auzo elkartea biziberritzeko lana ere egin duzue.
Bai. 2019n Octavio Cirezek eta biok Hegialderi buruzko liburu bat egitea prentsatu genuen, baina lan handia zetorkigula gainera ikusi genuen eta utzi egin genuen proiektua. Baina aurtengo otsailean beste proiektu bat sortu zen, elkartearen sorreran egondako batzuk bultzatuta. Hasierako taldeko kide batzuk hil zirela eta malenkoniak eraginda, auzo elkartea biziberritzeko ekitaldiren bat antolatzeko proposatzera hurbildu zitzaizkigun, eta datorren urtean jaiek 50 urte beteko dituztela kontuan hartuta, denok batera zerbait prestatu genezakeela pentsatu genuen, ospakizun horren ondoren jarraipena izan zezakeena. Eta horretan ari gara.
Zenbat kide zarete elkartean?
Gaur egun 30 kide inguru gaude jai batzordean, memoria kolektiboaren batzordean, eta zuzendaritza batzordean banatuta.
Zer duzue prestatuta datozen hilabetetarako?
Hasteko, urriaren 27an Jose Conejo auzokidearen Plomo en Roman Paladino liburuaren aurkezpena izango dugu. Azaroan, lehengo, oraingo eta etorkizuneko kideak elkartuko gara, poteoa eta bazkaria egiteko eta hainbat auzotarren testigantzak grabatzeko. Abenduan Iruñeko Donibaneko auzo elkarteko kideen bisita jasoko dugu, eta haien 50. urteurreko osppakizunen berri emango digute. Gainera, inkesta bat egingo dugu auzotarren beharraj ezagutzeo, informazio biltzeko eta elkartearen urteko aurrekontua prestatzeko, eta hori guztia udalari aurkeztuko diogu. Eta datorren urteari begira, hainbat jarduera soziokultural antolatuko ditugu, hitzladiak, antzerki eta zien emanaldiak, bezalakoak. Eta hori guztiaz gain, azken 50 urteetako ememorai kolektiboa jasoko duen ekitaldi edo dokumentu bat prestatzen hasitagaude. oso lanpetuta ibiliko gara.












