«Larria da mendi duatloietan emakumeen presentzia eskasa izatea»
Euskal Herriko zirkuituan buru-belarri dabil lazkaotarra, eta gustura dago lortutako emaitzekin. Gaur-gaurkoz, zirkuituko bigarren postuan dago emakumeen artean.
Maite Murgia mendi duatloilari lazkaotarra. Jon Urbe / FOKU Kirolerako pasioa etxetik jaso du Maite Murgiak (Lazkao, Gipuzkoa, 1992), eta gazte-gaztetatik erakutsi du askotariko diziplinetan aritzeko gaitasuna. Iraupen eskian eta neguko triatloian Espainiako txapeldun izandakoa da, eta ziklo-krosean ere lehiatu da hainbat urtez. Mendiko lasterketetan eta duatloietan aurkitu du azkenaldian bere lekua.
Asteburuan jokatu zenuen Euskal Herriko zirkuituko hirugarren proba, Durangon. Zer-nolako lasterketa izan zen?
Bi sektoreko proba izan zen. Lehen sektorean, korrikakoan, bigarren postuan nindoan. Baina azken zatian indarrik gabe nengoela nabaritu nuen. Bizikletakoan ere arrastaka ibili nintzen, eta uztekotan egon nintzen tarteren batean. Ainhoa Markinez izan zen nagusi lasterketa guztian, eta nik laugarren amaitu nuen. Lehia polita izango dugu hurrengo lasterketetan.
Txikitatik datorkizu kirolerako zaletasuna; txirrindularitzan, iraupen eskian eta neguko triatloian aritutakoa zara. Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Etxeko guztiek betidanik egin dugu kirola. Oso umetatik ibili gara hiru anai-arrebak bai bizikletan, bai eskian. Aita ere txirrindularitzako hainbat taldetan ibili zen masajista [besteak beste, Euskaltel-Euskadin], eta bera ere txirrindularitzaren oso zalea zen. Gainera, hark eta amak eskiatu egiten zuten. Negu sasoian iraupen eskian ibiltzen ginen, eta udan, berriz, bizikletan.
Iraupen eskian eta neguko triatloian Espainiako txapeldun izandakoa zara, besteak beste.
Bai, hala izan zen. Urtzi anaia eta biok urte berean izan ginen Espainiako txapeldun iraupen eskian. Ni, gero, neguko triatloian ere izan nintzen txapeldun. Hala ere, betiko borroka izaten genuen orduan ere: elur falta. Horren ondorioz, urte batean gutxi joan ginen eskiatzera, eta, beraz, iraupen eskia utzi, eta ziklo-krosean hasi nintzen. Aitari esan nionean, guztiz kezkatu zen. Bazekien ziklo-krosa kirol gogorra zela. Urte batzuk egin nituen kirol horretan lehiatzen.
Orain mendiko duatloietan lehiatzen zara. Baina zuretzat ez da arrotza Euskal Herriko zirkuitua.
Ez. 2011tik 2015era bitarte ziklo-krosean, duatloian eta triatloian ibili nintzen. 2014an jokatu nuen lehenengo mendiko duatloia, eta Euskal Herriko txapeldunorde izan nintzen. Urte batzuetan lehia alde batera utzita ibili nintzen, 2023an mendiko lasterketetan hasi nintzen arte. Orain, mendiko lasterketetan eta mendiko duatloietan aritzen naiz.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.












