Taupada, herritar guztien integrazioa helburu duen elkartea
Familia bat osatzen dute Taupada elkarteko kideek. Legazpikoak, eta kanpotik etorritako legazpiarrak elkarrekin integratzea dute helburu. Hizkuntza eta beste elkarteekin interakzioa dira tresnetako batzuk.
Taupada elkarteko Iosu, Carolina, Sonia bere alabarkein, Laila, Ousmane, Cynthia eta Estella eta bere alabaTere Madinabeitia Kanpotik Legazpira bizitzera etortzen direnak herrian integratzen laguntzeko, eta Legazpin bizi direnak kanpokoekin integratzen laguntzeko». Helburu horrekin sortu zen Taupada elkartea duela hilabete batzuk Iosu Baigorrik eta Cynthia Verak bultzatuta. Gaur egun, arraza eta jatorri ezberdineko 14 herritarrek osatzen dute elkartea.
Baigorri eta Vera dira taldearen dinamizatzaileak, eta integrazioan adituak. Baigorri Legazpin jaioa da, eta Vera, Perun. «Denok ditugu begirada desberdinak. Gure jatorriaren arabera, kultura bat dugu, desberdin ikasi dugu, gizartea eta erlijioa desberdinak dira… Gizakiak garenez, denak gara desberdinak, eta horregatik da garrantzitsua denak elkar ezagutzea, denok egin dezakegulako ekarpena geroz eta aldakorragoa den gizarte hau osatzeko».
Verak bere adibidea jartzen du: «Ni Perutik etorria naiz, baina familia bat dut, historia bat, ibilbide bat, ikaspen batzuk, esperientzia… nik badut zer eskaini gizarte honi, eta aldi berean prest nago hemen dagoena jasotzeko, ikasteko. Hori erakusteko sortu dugu Taupada, kanpotik gatozenok ekartzen duguna eta emateko duguna erakusteko».
Baigorrik aurreiritzietan jarri du fokua puntu honetan: «Bertakook aurreiritzi ugari ditugu, eta horiek alboratu eta kanpotar horiek dakartena ezagutzen saiatu behar gara, jakin nondik datozen, zer diren, eta dakarten horrekin, aberastu». Kanpokoak, gainera, hemengoa ezagutzeko irrikan datozela dio, eta zubi lana egitea ere egokitzen zaio, adibidez, hemengo ohiturak azaltzeko.
Taupada, familia bat
Taupada «lagun arte bat» da, «familia bat». Baigorri eta Veraren ondotik, Senegaleko Ousmane, Kubako Sonia. Mendebaldeko Saharako Laila, Nigeriako Estella, eta Costa Ricako Carolina elkartu ziren, eta guztien integrazioaren bila indarrak batu dituzte, gerora elkartu diren kide gehiagorekin batera.
Carolinak dionez, Taupada «akonpainamendu bat» da, «Taupada sortu aurretik, geure aldetik elkartzen ginen eta hitz egiten genuen sentitzen genuenaz: galduta ikusten genuen geure burua, laguntasunik ez genuen bertakoen aldetik, aintzakotzat ez gintuztela hartzen sentitzen genuen… Elkartean laguntasun hori aurkitu dugu, ulertuak sentitzen gara, eta guk ere emateko asko dugula sentitu dugu».
Nigeriako Estellak ere laguntasuna nabarmendu du, «ni bakarrik nago, ez dut odoleko familiarik hemen, elkartekoak dira familiakoak. Arazoren badut, deitu eta laguntzen saiatzen dira».
Sare sozialak
Aurrez aurreko topaketez gain, sare sozialak erabiltzen dituzte. Instagramen du kontua, @asoc.taupada izenarekin, eta Youtuben ere kanal propioa du, Asociacion Taupada. «Jendearengana iristeko modurik eraginkorrenak dira, batez ere gazteengana». Tik Tok-en ere laster irekiko dute kontua.
Elkarrizketak zabaltzen dituzte sare sozial horietan, jatorrizko hizkuntza erabilita, arabiarra, gaztelera edo wolof-a, bakoitzaren errealitateak, iritziak edo esperientziak ezagutzera emateko. Laila da bideo horietako batzuen protagonista, eta azaldu duenez, «egiten ditugun bideoei esker, legazpiarrengana eta jende gehiagorengana iritsi gara. Elkartea ezagutzera emateaz gain, geure buruak aurkeztu ditugu, kultura desberdinak erakutsi ditugu… azken batean, elkarte hau horretarako dago sortuta, munduari erakusteko denak elkartuta gehiago garela, eta askoz ere gehiago egiteko gai izango garela. Eta aldi berean, Legazpira kanpotik etortzen direnei laguntzen diegu».
Kubatik duela hilabete batzuk iritsitako Soniak dioenez, «han nengoela, nik uste nuen denak oso desberdinak ginela, baina hona iritsi eta harriduraz konturatu nintzen ez garela hain desberdinak, denak oso antzekoak gara, nahiz eta jatorria ez izan berdina. Taupadan egoteak denak elkartzeko balio du, guztiok komunean ditugun gauzak eta ezaugarriak bateratzeko».
Euskara eta interakzioa
Euskara da bateratzeko bitartekoetako bat, Baigorrik zehaztu duenez. «Bideoak euskaraz daude azpititulatuta, kanpotik etorritakoak ere gure hizkuntzara hurbiltzeko. Izan ere, geure gaiei ere garrantzia eman behar diegu, eta geure kultura eta hizkuntza zaintzen ditugula ikustea asko gustatzen zaie, balio handia ematen diote horri».
Hizkuntza da, azken batean, integraziorako ezinbesteko tresna. Baina ez bakarra, eta herriko beste elkarteekin interakzioa da beste faktore garrantzitsu bat. Horregatik, Legazpitik Argia Kubari egitasmoan, Munduko arrozen festan eta Munduko jolasen topaketan parte hartu du Taupadak, eta larunbatean ospatuko den Kulturen arteko egunean ere ziurtatuta du bere presentzia.
Proiektu gehiago dituzte etorkizunerako: mendi irteerak, antzerkia, sukaldaritza saioak…













