Ordiziako saltokien atzean gordetako historia
‘Betiko dendak, Ordiziako altxorra’ egitasmoak herriko merkataritza tradizionalaren historia eta belaunaldiz belaunaldi jasotako bizipenak bildu ditu.
Atzo D'Elikatuz zentroan egindako mahai-inguruko irudia, saltokietako lau ordezkariekin. Izaro Villarreal Ordiziak beti izan du azoka eta merkataritza bokazioa, eta horren isla da oraindik ere Ordiziako Azokak duen indarra. Bada, azokaz harago, herriko saltokiek ere ezinbesteko ekarpena egin dute Ordiziako bizitzan. Hamarnaka dira herriko parte zaharrean dauden saltokiak; herriko kaleen parte bihurtu dira eta garai ederrak bezain gordinak ezagutu dituzte. Herriari egindako ekarpena aitortzeko, Betiko dendak, Ordiziako altxorra egitasmoa martxan jarri dute Ordizian.
50 urtetik gora Ordizian jardun duten saltokien inguruko erakusketa azaroaren 8ra arte ikusgai jarri dute D’Elikatuz zentroan, eta herriko lau merkatarien esperientziei ahotsa emanda, haien ibilbideak gogoratu dituzte.
Denda, etxe bihurtuta
1943an ireki zituen ateak Agirre zapatadendak. Miguel Agirre eta Francisca Eskisabel ataundarrek Santa Maria kaleko 11. zenbakian alokatu zuten lokala, eta eguneroko produktuak saltzen hasi ziren: espartinak, abarkak, katiuskak… Denborarekin, jantzi eta oinetakoak ere gehitu zituzten eskaintzara.
Garai hartako merkataritzaren argazkia da Agirreren historia. Ohikoa izaten zen denden atzealdean sukaldea izatea. Maria Antonia Arratibelek, jabeen ilobak, azaldu du azoka egunetan goizeko 08:00etatik gaueko 20:00ak arte ematen zutela lanean. «Dendan bertan bazkaltzen genuen, eta bezero bat sartzen ikusten genuenean, dendara itzultzen ginen».
«Dendan bertan bazkaltzen genuen, eta bezero bat sartzen ikusten genuenean, dendara itzultzen ginen»
Maria Antonia Arratibel. Agirre zapatadenda
1956an, Maria Antonia eta haren ahizpa negozioan sartu ziren. Hamabi urte geroago, bigarren denda ireki zuten Torresolen, baina alokairuan jarri eta betiko dendan jarraitu zuten. Negoziak, ordea, beste aldaketa bat bizi izan zuela gogoratu du Arratibelek: «2001ean, eraikin berria egiteko erabakia hartu eta, obrak iraun bitartean, Maribaratza kaleko 10. zenbakira aldatu ginen». 2003ko otsailaren 1ean itzuli ziren jatorrizko lokalera. 2005era arte jarraitu zuten; urte hartan erretiroa hartu zuten bi ahizpek, eta familiaren hurrengo belaunaldiak hartu zuen lekukoa: Ricardo Goiburu Arratibelek, Maria Antoniaren semeak.
Tailerretik, dendara
Vicuñaren ibilbideak, berriz, saltokiak denboran nola egokitu behar izan duten erakusten du. 1930ean, Amalia Vicuña jostunak mertzeria ireki zuen Santa Maria kaleko 9. zenbakian; atzealdean jostun-tailerra zuen eta ezkontzako soinekoak egiten zituen.
1942an Jose Ajuriarekin ezkondu zen, eta bi seme izan zituzten, Jose Ignacio eta Alberto. Familia osoak jardun zuen negozioan lanean. Ama, ordea, 54 urte zituela hil zen, eta aitak eta bi semeek beste lokal bat erosi zuten, arropa-konfekzio eta puntuzko genero denda martxan jarrita. Alberto Ajuriak dio hamalau urtez jardun zutela bertan: «Negozioa sendotzea lortu genuen».
«Anaia Kale Nagusira joan zen, kirol denda handitzeko, eta guk jatorrizko lokalean segi genuen»
Alberto Ajuria. Vicuña Confeccion
Gerora, Bar Navarro zegoen etxea erosi eta gaur egun Santa Maria kaleko 17. zenbakian dagoen eraikina egin zuten. Albertoren eta haren emaztearen ardura izan zen beheko solairuko eta sotoko Vicuña Confeccion denda. Lehen solairuan, berriz, Jose Ignacio anaiak eta haren emazteak etxerako arropa saila jarri zuten; gerora, Vicuña Sport kirol-denda bihurtu zen. Denborarekin «negozioaren bidea» zatitu zitzaien bi anaiei: «Anaia Kale Nagusira joan zen, kirol denda handitzeko, eta guk jatorrizko lokalean segi genuen».
Erreleboa, familiaz harago
Lasa Harategiaren historia ere 1943an hasi zen. Miguel Lasak Euskal Herria kaleko 10. zenbakian ireki zuen negozioa. Hiru urtera, Benita Armendarizekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten: Mila eta Nikolas. Miguel 41 urte zituela hil zen, eta Benitak hartu behar izan zuen negozioaren ardura. Seme-alabak ere gaztetatik hasi ziren amari laguntzen. Mila ezkondu eta gutxira negozioa utzi zuen, eta Nikolasen emaztea sartu zen, Loli Dorronsoro.
«Hamar urte beteko dira aurten, Maxik negozioaren ardura hartu zuenetik»
Nikolas Lasa. Lasa harategia
Nikolas Lasak jakinarazi duenez, etxea eraitsi zutenean, «harategiak lekuz aldatu behar izan zuen», eta kale bereko 14. zenbakira mugitu ziren. Erretiratu zenean, Lolik hartu zuen negozioaren ardura, 2018ra arte. Erretiroa hartu zuek hark ere, baina ordurako, hasia zen familiaz kanpoko pertsona bat negozio-familiarrean laguntzen: Maxi. «Hamar urte beteko dira aurten, Maxik negozioaren ardura hartu zuenetik», nabarmendu du Lasak.
Garai berrietara egokituz
Zabaleren historia 1923an hasi zen, Juan Goiburuk Santa Maria kalean okindegia ireki zuenean. Lantegiak egurrezko labea eta errota zituen, eta haren emazte Venancia Beitia arduratzen zen dendaren kudeaketaz. Hasierako okindegia, denborarekin, bestelako elikagaien salmentarekin osatu zuten. Soltean eskaintzen zituzten zerealak eta lekaleak, bezeroen eskaeraren arabera eta kantitate txikitan, garai hartan erosketak egunerokoak baitziren.
«Ontziratutako produktuak eta izoztutako produktuak eskaintzen hasi ginen 1956an»
Carmen Esnaola. Zabale
1956an Juan Goiburu hil ondoren, haren seme Manuel Goiburuk hartu zuen negozioaren ardura, eta haren emazte Carmen Esnaola izan zen dendaren buru. Eskaintzan aldaketak egin zituzten orduan. «Ontziratutako produktuak eta izoztutako produktuak eskaintzen hasi ginen», dio Esnaolak.
1985ean, hirugarren belaunaldia sartu zen negozioan, Juan eta Mari Carmen Goiburu Esnaola anai-arreben eskutik. Elikaduraren arloari eutsiz, produktu ekologikoen eta belar-dendaren aldeko apustua egin zuten, eta akupuntura eta nutrizio-tratamendu zerbitzuak ere eskaintzen hasi ziren. Horrela, okindegi gisa sortutako negozioak ia mende bateko ibilbidean eskaintza eta jarduera aldatzen jakin du, garaiko beharretara egokituz.
ERAKUSKETAKO SALTOKIAK
- Agirre. Oinetakoak.
- Alonso. Burdindegia.
- Arregi. Drogeria.
- Arrieta. Drogeria.
- Atorrasagasti. Botika.
- Begue. Janari denda.
- Biñaspre. Lurrindegia.
- Carrion. Etxetresna elektrikoak.
- Crehuet. Tabakoak eta Loteria-administrazioa.
- Garin. Okindegia.
- Goierriko Nekazal Kooperatiba.
- Hidalgo. Bitxitegia.
- Irurena. Mertzeria-Lentzeria.
- Jauregi. Botika.
- Lasa. Harategia.
- De La Cuesta. Hogar.
- Mujika (Larratxa). Liburudenda.
- Mujika. Harategia.
- Ortega (La Tienda de Anita). Fruta denda.
- Palomo. Confeccion.
- Sukia. Etxetresna elektrikoak.
- Ugalde. Edariak.
- Vicuña. Confeccion.
- Vicuña. Kirolak.
- Zabale. Belar denda.
Zeberio. Harategia.













