Beteranoa gazteen aurka
Felix Etxeberriak Eneko Zabaleta eta Unai Alberdiren aurka neurtuko ditu indarrak larunbatean, Ezkioko igoeran. Herri festaren barruan jokatuko da herritarren artean ikusmin sortu duen norgehiagoka.
Ezkiotarrak 2024ko urrian, Alex Aranbururi egindako ongi etorri ekitaldian. Asier Zaldua Ezkiotarrak festazaleak dira, eta kirolzaleak ere bai. Ez da gaurkoa herriko festa nagusiak eta kirol desafioak uztartzeko duten ohitura. Goiko auzoko San Migel festetan Izazpira igoera, bizikleta lasterketa edo pilota eskolako txapelketa egiten dituzte, eta beheko auzoko sanpedrotan 4×4 areto futbol lehiaketa ere antolatu dute aurten lehenengoz. Festa egun gutxi zituztela eta, orain urte batzuk Ezkioko Herri Festa antolatzeari ekin zioten urrian —Alex Aranbururi egin zioten ongi etorrian du sorburua—. Herri kirolak izan dira egun honen pizgarrietako bat, eta aurten, horien faltan, apustua egin dute Felix Etxeberria, Eneko Zabaleta eta Unai Alberdi herritarrek: ea nork lehenago igo Santa Lutzi eta Ezkioko kaskoa lotzen dituen 2,4 kilometroak. Larunbatean izango dira herri festa eta apustua (12:00). 500 euro daude jokoan.
Etxeberria bizikletan, Zabaleta eta Alberdi korrika. Beteranoa bi gazteren aurka. Maiatzaren 9an, San Isidro jaietan itxi zuten apustua, «goizeko ordu txikitan», kontatu du Etxeberriak. Bizikletarenak ez zuen berehalakoan konbentzitu, «56 urte ditut eta 14 urte nituenetik ez naiz bizikleta gainera igo», dio. Momentuan gehiegi pentsatu gabe eman zuen baiezkoa, baina ez dago damututa, «10 kilo kendu ditut eta osasunarentzako onuragarria izaten ari da entrenamendua». Uztailetik gogotsu dabil bere burua prestatzen.
Profesionalen bizikleta
Bizikletarik ez izanagatik, ez du edozein bizikletarekin entrenatu: «Alex Aranburuk utzitako batekin ibili naiz, profesionalena. Lehenengo bat utzi zidan eta pasa den astean beste bat ekarri dit, ona; Movistarren zegoenean ibilitakoa. Hala agindu zidan; apustua onartuz gero berak utziko zidala entrenatzeko bizikleta».
Zumarragatik joanda, Santa Lutzi auzoko sarreran dagoen biribilgunean hasiko dute apustua. Zabaletak Igartubeitiraino dauden 850 metroak egingo ditu aurrena, eta handik helmugara arteko 1,5 kilometroak Alberdik egingo ditu erreleboa hartuta. Etxeberriaren estrategia bere indarrak ondo dosifikatzea da, «badakit Zabaleta topera aterako dela eta hari segika ateratzen banaiz indarrik gabe geratuko naiz berehala», dio. 11 minutu eta erdiko denbora muga jarri dio bere buruari, «gazteek seguru gutxiago beharko dute, baina lanak emango dizkiet», ohartarazi du.
Gazteen erronka
Zabaletarentzat eta Alberdirentzat ere erronka bat da larunbateko desafioa. Zabaleta korrika ibiltzen zen orain urte batzuk, baina lesio baten ondorioz lehiatzeari utzi behar izan zion. Alberdi berriz, bizikletan ibili izan da, baina korrika behin ere ez. Bakoitza bere aldetik ari da larunbateko saioa prestatzen. «Nire kabuz nabil. Hasieran kilometro luzeagoak egin ditut, korrika ohitzeko eta azken egun hauetan serie motzagoak egiten nabil», esan du Alberdik. Etxeberria gogor entrenatzen ari dela jakitun, beraiek ere «gerra emateko prest» daudela adierazi du.
Apustuaren kontura giroa berotuta dago Ezkion, «saltsa handia dago», dio Alberdik. Desafioaren ondoren, herri bazkaria izango da. Dagoeneko 175 herritarrek eman dute izena, eta ondoren Dj Ostorekin dantzaldia. Festa ordu txikietara arte luzatuz gero, zeinek daki ez ote den beste erronkaren batekin amaituko eguna.












