«Euskal Herrian ez dago horrelako neurriko erraldoirik»
Ostiralean, 20:00etan, ‘Beasain Mitoen Bihotzean: Basajaun eta Mariren etorrera’ antzezlana egingo du Ekaitz konpartsak, Jesus Garciak berritu dituen bi erraldoiak aurkezteko.
Jesus Garcia, konpartsak erabiltzen duen lokalean, bi buruhandirekin.Laida Goiburu Mendian daude oraindik Mari eta Basajaun erraldoiak, baina laster jaitsiko dira herrira. Jesus Garcia (Beasain, 1998) erraldoigile eta Ekaitz Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako lehendakariak jatorrizkoak berritu ditu Tolosan duen tailerrean, eta itxuraldatuta eta jatorrizko tamaina berreskuratuta egingo dute itzulera Beasainera. Ostiralean, aurkezpen gisa, Beasain Mitoen Bihotzean: Basajaun eta Mariren etorrera antzezlana plazaratuko dute konpartsako kideek Loinazko San Martin plazan, edo euria egiten badu Ezkiagako frontoian. 20:00etan izango da. Aurten 80 urte betetzen dira lehenengo erraldoiak Beasainera ekarri zituztenetik, eta 40 urte Mari eta Basajaun sortu zituztenetik.
Nolakoa izan da erraldoien berritze prozesua?
Lehengo Mari eta Basajaun erraldoiek ez zuten gorputz-egiturarik, bularretik gora eginak zeuden. Nik gorputza osorik egin diet; aldakak, ipurdiak… gainerakoa erantsi diot. Beira zuntza erabili dut, eta egurrezko egiturarekin altuera eman diet.
Duela 40 urte, 4 metro eta 40 zentimetrokoak egin zituen Xabier Garate irundarrak.
Bai. Zehazki, Marik 4 metro eta 20 zentimetro zituen, eta Basajaunek 4 metro eta 40 zentimetro. Altuera horiek berreskuratu ditut.
Pozik geratu zara emaitzarekin?
Bai, orokorrean, izugarri ondo gelditu dira.
Zein izan da prozesuan izan duzun zailtasunik handiena?
Proportzioak. Azkenean, 4,20-4,40 metro dituzte eta Euskal Herrian ez dago horrelako neurriko erraldoirik. Eskuen tamaina eta abar mantentzea zaila da, baina ondo atera da.
Zerbait nabarmenduko zenuke berritutako erraldoietatik?
Pozik nago emaitzarekin osotasunean. Marirekin oso gustura gelditu naiz, lehengoarekin alderatuta izugarrizko aldaketa egin du. Horrekin oso pozik nago. Eta Basajaun, azkenean, Euskal Herriko erraldoirik handiena izango da, beraz, hori ere hor dago.
Tamainaz gain, itxura ere aldatu diezu?
Bai bai. Margotu egin ditut, eta margotzearekin batera dena aldatu zaie, aurpegia aldatu egin zaie, nahiz eta egitura berdina izan. Jantziak Iruñeko lagun batek egin ditu, Gabriel Jimenezek. Berak egiten dizkit erraldoien jantziak eta oso ondo gelditu dira.
«[Antzezlanean] Euskal mitologiako pertsonaiekin batera, bidaia bat egingo du Mari eta Basajaun aurkitu arte»
Antzezlanari dagokionez, Ekaitz konpartsakoek prestatu duzue?
Ni orain dela bi urte hasi nintzen mobida honekin guztiarekin. Mari eta Basajaun berritu nahi nituen, eta horiek aurkezteko hasi nintzen antzezlanaren ideiarekin, gidoia idazten. Dantza batzuk baditugu eginak konpartsakoak direnak, eta moldatu egin ditugu antzezlanerako. Beste dantza batzuk, aldiz, espresuki sortu ditugu.
Zenbat pertsona izango zarete antzezlanean?
Nik oraindik ez dakit parte hartu beharko dudan edo ez. 30 pertsona inguru izango gara, dultzainero, trikitilari, piano, baxu, bateria… musikariak ere kontuan hartuta.
Dantza ez ezik, elkarrizketa ere egongo da?
Elkarrizketak, dantza, musika… Haur bat izango da gidaria. Mari eta Basajaun non dauden galdetuko du, iaztik ikusi ez dituela-eta. Euskal mitologiako pertsonaiekin batera, bidaia bat egingo du Mari eta Basajaun aurkitu arte.
Aurkezpenaren ondoren, mendira itzuliko dira?
Ez. Gure konpartsaren parte izango dira aurrerantzean. Altuak diren arren, ondo atera dira, konpentsatuak atera dira eta pisu gutxi dute, eta, ondorioz, eramateko errazak dira.













