Bezeroen behar globalei erantzuteko GetGoierri lankidetza sarea sortu dute
Nazioarteko merkatuetako bezeroek izan ditzaketen behar globalei erantzuteko sortu den ekimen berritzailea da GetGoierri Basque Country. Goierri beheko enpresa txikiek bi urte baino gehiago daramate lankidetzan, beraien errealitatea aztertu, kapazitatu eta merkatuaren beharrei aurre egiteko helburuz, eta lankidetza horixe dinamizatzeko sortu dute GetGoierri, Goiekiren industria alorraren gidaritzapean. Niko Errasti Goiekiren industria arloko buruak, Miren Estensoro arlo bereko ordezkariak, Patxi Plazaola Beasaingo alkate eta Goiekiren lehendakariak, eta Luis Mari Altuna Goierriko industria gaietako adituak aurkeztu zuten atzo ekimena Goierri Berrikuntza Gunean. Entzuleen artean Goierriko enpresa ertain eta txikietako jabeak, eta Frantzia, Belgika eta Suediako lau enpresatako ordezkariak zeuden. Bat egitearen indarra Errastiren arabera, Goierriko enpresa txikiek «argi» dute bat egiteak eta beraien arteko osagarritasunak balio erantsiko proiektuetara sartzeko abantaila ekarri diela. «Lankidetza sare honek eskualdeko enpresa handi eta ertainen arteko lankidetza proiektuak eragitea ahalbidetu du. Ikasketa prozesuak eta ingeniaritza prozesuaren txertaketak produktu propio bat abiatzeko aukera ematen die enpresa hornitzaileei». Eskualdean garatu duten esperientzia hau nazioartera zabaldu nahi dute orain, urteetan pilatutako jakintzaren bidez «mugak gainditzea» nahi bada. «Goierriko ekoizpen indar osoa bere ahalmen industrial oro baturik eta berezko identitate zigilu batekin eskaini nahi dugu», dio Errastik. Industria ahalmen hori enpresa sare «sendo, esperientziadun eta berritzaile» baten oinarrien gainean eraikitakoa da, [...]
Nazioarteko merkatuetako bezeroek izan ditzaketen behar globalei erantzuteko sortu den ekimen berritzailea da GetGoierri Basque Country. Goierri beheko enpresa txikiek bi urte baino gehiago daramate lankidetzan, beraien errealitatea aztertu, kapazitatu eta merkatuaren beharrei aurre egiteko helburuz, eta lankidetza horixe dinamizatzeko sortu dute GetGoierri, Goiekiren industria alorraren gidaritzapean.
Niko Errasti Goiekiren industria arloko buruak, Miren Estensoro arlo bereko ordezkariak, Patxi Plazaola Beasaingo alkate eta Goiekiren lehendakariak, eta Luis Mari Altuna Goierriko industria gaietako adituak aurkeztu zuten atzo ekimena Goierri Berrikuntza Gunean. Entzuleen artean Goierriko enpresa ertain eta txikietako jabeak, eta Frantzia, Belgika eta Suediako lau enpresatako ordezkariak zeuden.
Bat egitearen indarra
Errastiren arabera, Goierriko enpresa txikiek «argi» dute bat egiteak eta beraien arteko osagarritasunak balio erantsiko proiektuetara sartzeko abantaila ekarri diela. «Lankidetza sare honek eskualdeko enpresa handi eta ertainen arteko lankidetza proiektuak eragitea ahalbidetu du. Ikasketa prozesuak eta ingeniaritza prozesuaren txertaketak produktu propio bat abiatzeko aukera ematen die enpresa hornitzaileei».
Eskualdean garatu duten esperientzia hau nazioartera zabaldu nahi dute orain, urteetan pilatutako jakintzaren bidez «mugak gainditzea» nahi bada. «Goierriko ekoizpen indar osoa bere ahalmen industrial oro baturik eta berezko identitate zigilu batekin eskaini nahi dugu», dio Errastik.
Industria ahalmen hori enpresa sare «sendo, esperientziadun eta berritzaile» baten oinarrien gainean eraikitakoa da, eta helburu horiek lortzeko Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren Nazioarteko sailarekin elkarlanean ari dira, Errastik dioenez. «Enpresa bakoitzak bere kabuz, eta are gehiago enpresa txikiek, merkatu berrietara irekitzeko oztopo handiak dituzte, eta lankidetzak erronka berriei aurre egiteko abantaila suposatzen du».
‘Made in Goierri’ produktua
Hitz horiek Europako lau enpresa horietako ordezkariei begira egin zituen Goiekiko kideak, eta Goierriko industria sarean ahalmenak goraipatu zituen. GetGoierriren bitartez bezeroen beharrak «modu integralean» kudeatu ditzaketela, hornitzaileek berrikuntzarako duten gaitasunarekin «balio erantsia» sor daitekeela, eta hori guztia «zintzotasun eta konfiantza» giroan egingo dutela esan zien. «Made in Goierri» produktua eskainiko dietela adierazi zien, eskualdeko enpresa sarea hori eskaintzeko gai delako.
Goierri behea, 18 herri, 41.000 biztanle eta 229 industria-enpresa dituen eskualdea
GetGoierri ekimenaren aurkezpena Goierri beheko industria sektorearen balioak goratzeko aprobetxatu zuten. Beheko bailarako 18 herriek 41.000 biztanle hartzen dituzte, eta denera 229 industria-enpresa, handiak, ertainak eta txikiak aintzar hartuz. Per-capita errenta 34.800 eurokoa da Goierri behean.
Bost azpisektoretan banatu dute industria sektorea. Altzairua moldekatzen duten zazpi enpresa daude, eta mila lagunek egiten dute lan. Altzairua 90 enpresak eraldatzen dute, 1.065 herritarri lana emanez. Tratamendu termikoetako 11 lantegietan 150 goierritarrek egiten dute lan. Garraio eta garabi enpresena da azpisektore nagusia, 3.691 lagunen lantoki baita. Balbula eta energia berriztagarrietako 6 enpresek, berriz, 1.690 goierritarri ematen diete lan.