Bihar jarriko dute San Joan arbola Beasainen
Aspaldiko ohitura da Beasainen ekainaren 23an San Joan arbola jartzea. Azken urteetan ordea, ohitura galduta egon da eta iaz berreskuratu zuten. Aurten ere jarriko dute arbola Igartza jauregiaren ondoan, zubiaren ertzean. Bihar arratsaldean, nahi dute...
Aspaldiko ohitura da Beasainen ekainaren 23an San Joan arbola jartzea. Azken urteetan ordea, ohitura galduta egon da eta iaz berreskuratu zuten. Aurten ere jarriko dute arbola Igartza jauregiaren ondoan, zubiaren ertzean. Bihar arratsaldean, nahi duten herritar guztiek, arbola jartzen laguntzeko aukera izango dute, ekintza antolatzen dutenek laguntza eskatu baitiete herritarrei sokari tire egin eta arbola zutik jartzeko.
Lan horretan lagundu nahi dutenek, Igartzako zubira gerturatu behar dute bihar 19:00ak inguruan. Ordu betean arbola bere lekuan jarrita egongo dela esan dute antolatzaileek, eta ondoren sagardoa eta gazta banatuko dute herritar guztientzat. Udaren hasiera ospatzeko neskatxek ere koroak egingo dituzte bihar arratsaldean Igartza jauregian. 18:00etatik aurrera, lorez osatutako koroak egingo dituzte, eta gauean, 22:00etan, esku-dantza dantzatuko dute Aurtzakako neskatxek arbolaren ondoan.
Ohiturari jarraituz, Igartzatik Barrendain plazara joango dira ondoren, bertan egongo baita San Joan sua. 22:30ean piztuko dute sua, udari ongi etorria emateko. Ondoren, dantzaldia egingo dute Koskola txarangarekin.