Jokin Telleria: «Argia da lan baten oinarria, dena adierazten duelako»
Barnealdeko ur eremuak marraztea zen helburua, baina azkenean argia gaitzat duten koadroekin osatu du erakusketa Jokin Telleria magolariak (Ataun, 1956). Gasteizko Ikusi Arte galerian jarri ditu lanak, eta uztailaren 30era arte ikusi ahalko dira. Erakusketa aitzakiatzat hartuta, margotzen daramatzan 44 urteen errepasoa egin du Telleriak. Noiz hasi zinen margotzen? Margotzen, edo inguruak zikintzen, 12 urterekin hasi nintzen. Kasualitatez izan zen gainera. Udan lehengusuen baserrira laguntzera joan eta gizon bat margotzen ari zen. Lanak bukatu eta haren ondoan jarri nintzen, nola margotzen zuen ikustera, eta bukatu zuen arte han egon nintzen. Hurrengo egunean, baserria eta inguruak margotzen hasi nintzen etxetik eramandako koadernoan eta arkatzezko margoekin. Margogintzarekin lotura zutzen ikasketak egin al zenituen? Hasieran ez, baina lanean hasi ondoren handik irten eta Zumarragako Felix Vaquerizarengana joaten nintzen margotzen ikastera. Harekin bost edo sei urte egin nituen, eta gero nire kasa hasi nintzen. Liburuak irakurriz eta ordu asko margotzen arituta ikasi dut, nire kasa. Ikastaro batzuk ere egin nituen. Gaur egun margo denda baten jabea zara, eta Beasainen eta inguruko beste herri batzuetan eskolak ematen aritu izan zara. Hori ere kasualitatea izan zen. Lanean ari nintzela ikastaroak emateko aukera eskaini zidaten, eta hala hasi nintzen. Azkenean erabaki egin behar izan nuen, edo ordura [...]
Barnealdeko ur eremuak marraztea zen helburua, baina azkenean argia gaitzat duten koadroekin osatu du erakusketa Jokin Telleria magolariak (Ataun, 1956). Gasteizko Ikusi Arte galerian jarri ditu lanak, eta uztailaren 30era arte ikusi ahalko dira. Erakusketa aitzakiatzat hartuta, margotzen daramatzan 44 urteen errepasoa egin du Telleriak.
Noiz hasi zinen margotzen?
Margotzen, edo inguruak zikintzen, 12 urterekin hasi nintzen. Kasualitatez izan zen gainera. Udan lehengusuen baserrira laguntzera joan eta gizon bat margotzen ari zen. Lanak bukatu eta haren ondoan jarri nintzen, nola margotzen zuen ikustera, eta bukatu zuen arte han egon nintzen. Hurrengo egunean, baserria eta inguruak margotzen hasi nintzen etxetik eramandako koadernoan eta arkatzezko margoekin.
Margogintzarekin lotura zutzen ikasketak egin al zenituen?
Hasieran ez, baina lanean hasi ondoren handik irten eta Zumarragako Felix Vaquerizarengana joaten nintzen margotzen ikastera. Harekin bost edo sei urte egin nituen, eta gero nire kasa hasi nintzen. Liburuak irakurriz eta ordu asko margotzen arituta ikasi dut, nire kasa. Ikastaro batzuk ere egin nituen.
Gaur egun margo denda baten jabea zara, eta Beasainen eta inguruko beste herri batzuetan eskolak ematen aritu izan zara.
Hori ere kasualitatea izan zen. Lanean ari nintzela ikastaroak emateko aukera eskaini zidaten, eta hala hasi nintzen. Azkenean erabaki egin behar izan nuen, edo ordura arteko lanean jarraitu edo mundu honetan sartu. Joxe Mari Telleriak eskolak emateari utzi zionean ere nik jarritu nuen. Hori dena ikusita, mundu honen aldeko apustua egin nuen, eta gogorra izan da, baina oso gustura nago.
Zenbat urte daramazu Beasainen eskolak ematen?
Etapa ezberdinak kontuan hartuta, guztira 25 urte inguru izango dira, eta denda ireki nuela 15 urte.
Hasi gabe dagoen lan baten aurrean, nola hasten zara lanean?
Askotan ez dakizu nola hasi, baina hoberena da lehenbailehen zikintzen hastea. Hori eginda ordea, gerta daiteke egindakoak balio ez izatea, eta askotan ia konponbideerik ere ez izatea. Horregatik garrantzitsua da koadroa margotzen hasi aurretik paperan zirriborroa egitea; eta paperean ez bada, buruan behintzat lanaren egitura bat egitea.
Koadroak margotzeko ideiak, nola bururatzen zaizkizu?
Figurak margotzea asko gustatzen zait, eta nire borroka ere hori da, paisaiekin ez naizelako beti gustura geratzen, baina figurekin oraindik gutxiago. Horiek denak margotzeko ideiak handik eta hemendik hartzen ditut, atentzioa deitzen didaten gauzetatik. Atentzioa deitzen dizun hori margotu behar da.
Erakusketa bat jartzen duzunean, lanak erakusketarako egiten dituzu, edo eginda dituzun lanak eramaten dituzu?
Bietatik pixka bat. Hala ere, hoberena da lan asko eginda edukitzea eta erakusketara lan horien artetik onenak eramatea. Baina beste batzuetan gai zehatz baten inguruan egiten duzu erakusketa, eta orduan lanak gai horren arabera egin behar dituzu.
Gasteizen duzun erakusketan, nolako lanak jarri dituzu?
Barruko itsas ikuspegiak margotu ditut, adibidez, urtegiak. Lan batzuk egin nituen gai horren inguruan, baina azkenean gaia aldatu nuen, eta argitasuna hartu nuen gai bezala, niretzako argia delako garrantzitsuena. Argia da lan baten oinarria, dena adierazten duelako, eta hori da niri margotzera bultzatzen nauena, beti izan dudalako argiarekiko kezka.
Argi hori nola eramaten duzu koadrora?
Oso zaila da, ia ezinezkoa, ahal den ondoena egiten saitu arren, beti geratuko zarelako motz. Oso zaila da natura irudikatzea. Askotan, lan baten aurrean esaten digute koadroak argaki baten itxura duela, eta horrek ez du hala behar, argaki bat argazki bat delako eta koadro bat koadro bat.














