«Zientzia inoiz baino gehiago egiten da euskaraz, ezagutza sortu eta zabaldu»
Josu Aztiriak (Zumarraga, 1978) Elhuyar fundazioan egiten du lan. Fundazioak bi sail ditu, zientziaren komunikazioarekin lotutakoa eta hizkuntzaren garapena lantzen duena. Azken sail honetako arduraduna da Aztiria. Aurkeztu berri dituzten aplikazioen aitzakian, egun zientziak eta euskarak dituzten harremanen osasunaz eta erronkez dihardu zumarragarrak.
Paperezko bost hiztegi kabitzen al dira jada mugikor batean?
Bai. Elhuyar fundazioak sortutako bost hiztegiak mugikor aurreratuetara, smartphone, eramateko aplikazioa sortu dugu. Hiru hiztegi elebidun ditugu: euskara-espainola, euskara-frantzesa eta euskara-ingelesa. Eta bi hiztegi elebakar: Ikaslearen Hiztegia eta Sinonimoen Kutxa. Bost hiztegi horiek Iphone edo Androide sistema eragileak dituzten telefonoetan kontsulta daitezke jada.
Zein da zuen helburua?
Gero eta jende gehiagok erabiltzen du horrelako telefonoa. Gure helburua euskara garatzea da, horretarako teknologia berriak baliatuz. Hiztegien ikuspegitik, ikuspegi ekonomikoa ere badago, paperezko hiztegien erabilerak behera egin duelako. Mugikorrarekin, edozein tokitan kontsultatzeko aukera dago orain, bost hiztegiak mugikorrean kabitzen dira, bai. Finean, muga fisikoak apurtzen dira, erabiltzaileari aukerak eta erraztasunak emanez.
Aplikazioaren alde onak dira horiek. Zeintzuk dira arazoak?
Oraindik ere, erabiltzaileek ez dute horrelako aplikazioak erosteko ohiturarik. Eta, gure aldetik, ez da erraza horrelako aplikazioak finantzatzea. Nolanahi ere, berdina gertatzen da industria kulturaleko beste sektoreetan ere, berdin musikan, zein literaturan. Esango nuke negozio eredu bera dagoela kolokan.
Zein izan daiteke egoera horren irtenbidea?
Ez dut soluzio magikorik ikusten. Gure aldetik, etorkizunari ezin dizkiogu ateak itxi. Interneten egon behar dugu, euskarak egon behar du, nahita ez. Bestela, aukerak galdu baino ez ditugu egingo.
Aplikazioa salgai dagoela esan duzu. Zein preziotan?
Itunes eta Androide Market-en dago salgai. Hiztegi bakoitzak demo bat du, erosi aurretik probatzeko. Hiztegi txikiek 9 euroko prezioa dute, eta handiek 19 eurokoa. Atzerriko Collins edo Oxford hiztegiekin alderatuta, gureak pixka bat garestiagoak dira. Hala ere, dendan paperezko hiztegi elebidunak 44 euro balio ditu. Mugikorrean, konexiorik gabe dabilen aplikazioa da.
Teknologia berriei eta euskarari dagokienez, asko al dago egiteko?
Bai, eremu zabala da. Androide Market-en milaka produktu dago, eta horien artean oso gutxi dira euskarazko produktuak direnak. Euskara ikasteko metodo laburrak, aditzen konjugatzaileak eta beste hamaika aplikazio sor daitezke.
Sormen zientifikoa ere bada Elhuyarren eremua. Euskal Herrian zientzia euskaraz egiteko aukera zabaldu al da?
Zientzia inoiz baino gehiago egiten da euskaraz, ezagutza sortu eta zabaldu. Baina, hor ere, lana etengabekoa izan behar da ezinbestean. Orain, Elhuyarrek webgunea berritu du, eduki guztiak bertan izango dira, baita zientzia telebista eta irratia ere, eta Elhuyar aldizkariko edukiak eskuragarri izango dira.
Zeintzuk dira euskararen eta zientziaren hartu emanen ahulguneak?
Beste hizkuntzek duten indarra. Zientzia ekoizpena ingelesez egiten da, batez ere. Gainera, ekoizpen hori etengabea da eta abiada bizian doa. Gurea bezalako hizkuntza txikiak adi egon behar du, etenik gabeko lan aktiboan.
Ez al da euskara zientziarekin baino gehiago, kulturarekin lotu?
Daukagun beste arazo bat da hori. Euskara ez da modu naturalean zientziarekin, enpresarekin eta teknologia berriekin lotu. Euskara kategoria bat bezala hartu dugu, ez unibertso bat bezala. Zientzia oso azkar doa, terminologia berriak behar dira, nanoteknologian edo bioteknologian, esate baterako. Dena dela, gaztelaniak eta frantzesak arazo berdina dute ingelesarekin.
Abantailaren bat ba al du euskarak?
Orain artean egindako lan guztia gure alde dago. Euskaraz egiten duten zientzilariak eta denborarekin sortu duten egitura.
Gizartearentzat zientzia euskaraz eskuragarriagoa al da?
Bai. Hori izan da Elhuyarren asmoetako bat. Aldizkaria badago, Teknopolis telebista saioa, Norteko Ferrokarrila irratsaioa, haur eta gazteei zuzendutako zernola.net webgunea, gaztetxoentzat irrika.net, zientzia udalekuak, Basqueresearch…
Heziketa al da giltza?
Heziketan indar handia jartzen ari gara. Dirudienez, zientzia ikasketak egiteko bokazioak behera doaz. Ikerlarien lan baldintza eskasek ez dute laguntzen, desprestigiatu egin dira nolabait goi mailako ikasketak. Ibilbide zabaleko zientzialariak bekadun gisa ikusi ditugu, edo atzerrira nahita ez joaten hemen aterabiderik ez zutelako. Hori, nolabait transmititu zaiei gazteei.
Egungo egoeran irauli daiteke hori?
Badaude zantzuak. Lan munduaren egoera ikusita, goi mailako ikasketak egiteko jende gehiago egongo dela dirudi.
Zein da Elhuyarren hurrengo proiektua?
Hiztegiak tablet-etara eramatea da hurrengo proiektua. Bestela, proiektu asko ditugu, baina egungo egoerarekin, daukagunari eusten badiogu, ez da gutxi izango.













