
Iñaki Ezeizak (Hondarribi, 1951) bere margolanak erakutsiko ditu Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko aretoan gaurtik maiatzaren 20ra arte. Paisaiak margotzen ditu batik bat, eta formato handiko eta txikiko lanak bilduko ditu erakusketak.
Inaugurazioa gaur izango da, 19:00etan, Zelai Ariztin.
Zumarragarekin baduzu lotura berezirik, ezta?
Bai, nire amaren familia osoa Zumarragan bizi da.
Margolari afizionatua zara, nondik datorkizu zaletasuna?
Haurra nintzela, koloretako margo sortarekin nahikoa nuen mundua harrapatzeko paper batean. Magia zen hori.
Margotzen ikasteari ekin al zenion gero?
Nerabezaroan margotzen ikasten hasi nintzen, eta Gaspar Montes maisuarekin ikasteko aukera izan nuen. Garai hartan, naturarekiko pasioa piztu zitzaidan. Ordutik, mendian ibiltzen, pedalkadak ematen eta eskalatzen, beti eraman dut argazki kamara gainean.
Natura irudikatzen duzu.
Egun, akrilikoak, argizariak, olioak erabiltzen ditut paisaiak margotzeko. Itsasoarekin ere harreman estua daukat, baina mendiak erakartzen nau gehien. Aiako mendiak eta Iratiko basoa dira nire totemak.
Zer da margoen bitartez transmititu nahi duzuna?
Margotzen ditudan tokiak ikustean sentitu dudana transmititzea da nire helburua. Ikusleek leku horietako freskura atzematen badute, helburu hori betetzat emango dut.
Zumarragakoa ez da egiten duzun lehenengo erakusketa.
Ez, aurretik Oarsoaldeako hainbat herritan nire margolanak erakutsi ditut. Duela bi urte, pinturari denbora gehiago eskaintzen hasi nintzen. Ingurukoek lanak erakusteko modukoak zirela, eta animatu egin ninduten. Horretan ari naiz, nire lana ezagutarazten.