Ainara Gorostitzu: «Etorkinei izen-abizenak eta historia bat jarritakoan aldatu egiten da ikuskera»
Azken urteetan Euskal Herrira bizitzera etorritako 11 lagunen bizi-historiak bildu ditu Ainara Gorostitzuk ‘Aldamenekoa’ liburuan. Immigrazioa ez du fenomeno gisa ulertzen Ainara Gorostitzuk (Ataun, 1981). Historiak dira. Beste herrialde —are herri— batetik etorritako bakoitzarenak. Izen-abizenak eta aurpegia jarri behar zaizkien bizilagunak. Horiek ezagutzeko «premiaz», Aldamenekoa liburuan jaso ditu 11 etorkinen historiak. Tartean dira Claudia Fonseca, Ordizian bizi den nikaraguarra, eta Souad Bricha, Idiazabalen bizi den marokoarra. Nola definituko zenuke ‘Aldamenekoa’? Kazetaritza lan bat, soziologikoa gehiago… Kazetaritza lan bat da, premia pertsonal batetik abiatutakoa. Konturatu nintzen ingurua asko aldatuta zegoela, eta kanpoan jaio eta hemen bizi zirenek osatzen zutela. Zein etorkin ezagutzen dut? Nire lagunen artean ba ote dago? Zergatik uzten du jatorria atzean eta etortzen da ia esku hutsik beste leku batera? Zerk bultzatzen du besteen etxera lanera etortzen den andrea bere seme-alabak han uztera? Liburu hau aitzakia bat izan da galdera horiek denak erantzuteko. Hamar erreportaje dira. Bai, eta 11 lagun dira. Aldamenekoari atea jo eta galderak egiten hasi nintzen. Kazetaritza da, baina idazkera aldetik badago saio bat hoztasunetik, zurruntasunetik ateratzekoa. Zeren elkarrizketa denak giro horretan egindakoak dira, ez kazetari bezala galdetegi batekin joanda egindakoak. Grabagailua jartzerako hitz egin eta jendea ezagutu… Beraiek ezagutzea delako, azken batean, ideia. Nolako [...]
Azken urteetan Euskal Herrira bizitzera etorritako 11 lagunen bizi-historiak bildu ditu Ainara Gorostitzuk ‘Aldamenekoa’ liburuan. Immigrazioa ez du fenomeno gisa ulertzen Ainara Gorostitzuk (Ataun, 1981). Historiak dira. Beste herrialde —are herri— batetik etorritako bakoitzarenak. Izen-abizenak eta aurpegia jarri behar zaizkien bizilagunak. Horiek ezagutzeko «premiaz», Aldamenekoa liburuan jaso ditu 11 etorkinen historiak. Tartean dira Claudia Fonseca, Ordizian bizi den nikaraguarra, eta Souad Bricha, Idiazabalen bizi den marokoarra.
Nola definituko zenuke ‘Aldamenekoa’? Kazetaritza lan bat, soziologikoa gehiago…
Kazetaritza lan bat da, premia pertsonal batetik abiatutakoa. Konturatu nintzen ingurua asko aldatuta zegoela, eta kanpoan jaio eta hemen bizi zirenek osatzen zutela. Zein etorkin ezagutzen dut? Nire lagunen artean ba ote dago? Zergatik uzten du jatorria atzean eta etortzen da ia esku hutsik beste leku batera? Zerk bultzatzen du besteen etxera lanera etortzen den andrea bere seme-alabak han uztera? Liburu hau aitzakia bat izan da galdera horiek denak erantzuteko.
Hamar erreportaje dira.
Bai, eta 11 lagun dira. Aldamenekoari atea jo eta galderak egiten hasi nintzen. Kazetaritza da, baina idazkera aldetik badago saio bat hoztasunetik, zurruntasunetik ateratzekoa. Zeren elkarrizketa denak giro horretan egindakoak dira, ez kazetari bezala galdetegi batekin joanda egindakoak. Grabagailua jartzerako hitz egin eta jendea ezagutu… Beraiek ezagutzea delako, azken batean, ideia.
Nolako historiak ezagutu dituzu?
Hona etortzeko arrazoiak desberdinak izatea baloratu nuen. Badago arrazoi ekonomikoengatik etorri dena, edo maitasunagatik etorri dena, gerra arrazoiengatik. Diasporatik itzulitako baten kasua dago, sexu askapenagatik etorri dena. Eta badago, baita ere, Euskal Herritik 1960ko hamarkadan San Franciscora joandako baten kasua. Hori ere sartu nahi izan dut, zeren liburu honen muinean dago denok izan gaitezkeela egoera batean etorkin edo joakin.
Ildo komunak aurkitu dituzu, beraz?
Bidarraiko andre bat, Angele Goienetxe, San Franciscon bizi dena, elkarrizketatu nuen, luze-zabal. Adinak ere difereteak izatea nahi nuen, Euskal Herrian ere leku desberdinetan bizi zitezen. Oso kuriosoa da; Angele da parte-hartzaileetan zaharrena, eta Omar da parte-hartzaileetan gazteena, Senegaletik Altsasura etorri den mutila. Eta bien historiak oso antzekoak dira, sweet promised land [agindutako herri atsegina]; baten kasuan Europa amestua eta bestearen kasuan Amerika amestua; oso garai desberdinetan, oso jatorri desberdinetatik, eta oso adin desberdineko bi pertsonaren historiak oso antzekoak dira.
Lan hau Euskal Herriko azken urteetako immigrazio fenomenoaren soslaia da? Horren arrazoien ordezkariak?
Ez dira ordezkariak. Etorkinen historia asko kontatzen dira, baina beste asko-asko kanpoan geratzen dira. Baina badago denen zuhaitz zabal baten zera. Fenomenoa aipatu duzu, eta immigrazioa fenomenotzat ez hartzeko nahi bat da, justu. Sentsazioa nuelako fenomenoa zela; zenbakiak, datuak, neurriak, legeak. Izen-abizenak jarri nahi nituen; arrazoiak ezagutu, historia pertsonalak, nahiak, ezinak, desioak, ilusioak, ametsak, frustrazioak… Sentsazioa nuen dena plano berean hitz egiten zela,’beraietaz’, fenomeno bezala. Eta hori hautsi nahi nuen, izen-abizenak, aurpegi bat eta historia bat jarri. Niri hala gertatu zait: izen-abizenak eta historia bat jartzen diozunean etorkin bati, aldatu egiten zaizu etorkinekiko pertzepzioa. Beraiek ere desberdin hartzen zaituzte. Fenomenoa izateari uztea zen nahia.
Jauzi handia sumatu al duzu kanpotik etorritakoen eta bertakoen artean? Egunerokoan, pentsaeran…
Liburuan dauden 11 pertsonak gutako beste 11 bezain antzeko edo bezain diferente dira. Ikusi dut, azken batean, zer berdin eta zer desberdin diren. Ataunen bizi garen hamar pertsona zeinen desberdin izan gaitezkeen; eta, aldiz, Moldaviatik Irurtzunera etorri den andre batekin —oso historia gogorra dute, giza trafikoa jasan zuen, urte askoan familia banatuta egon zen— hizketan jarri, eta hemengo beste edozeinekin baino gertutasun handiagoarekin egon ninteke.
‘Zaku’ kontzeptua hautsi nahi izan duzu? Gu hemengo, haiek hango…
Ez dakit hautsi nahi izan dudan, baina hautsi egin da, bai. Atea jo eta barruraino sartzen zarenean, gutako askoren etxean sartzea bezala da. Auskalo zer amets dituen bakoitzak; askotan oso berdinak, beste batzuetan oso desberdinak. Ez dago zaku bat. Eta, noski, ez dagoena da zaku bat ‘gu’ eta ‘beraiek’. Guk egiten dugun bereizketa oso argi bat da hori. Non dago muga etorkinena? Teoria asko daude aztertzen dutenak zerk ezaugarritzen duen etorkin bat. Baina asko da norberak nola bizi duen. Barakaldotik Ataunera bizitzera joan den bat igual etorkin sentitzen da.
Urte eta erdiko lan honek balio izan dizu hasierako jakinmina asetzeko? Zer irakaspen eman dizu?
Liburua nire behar horri erantzuteko ia aitzakia bat izan zen, eta tripak asko mugitu dizkit. Entzuten duzunean bere aitaren ametsa betetzeagatik etorri den mutil baten historia, oso gaizki pasatzen ari dena, barrenak asko mugitzen dizkizu. Ikuskera ere asko aldarazi dit. Orain mutil bat kalean diskoak saltzen ikusten badut, ez dut etorkin bat ikusten, Omar izan daitekeen pertsona bat ikusten dut, igual futbolzalea dena, oso berritsua edo oso lotsatia izan daitekeena. Izen-abizenak, aurpegi bat eta historia bat jartzen dizkiozunean ikuskera aldarazten dizu. Hori da asmoa, eta niri erabat aldatu dit.