
Azken aldiko gorabeherak ahaztu eta etxekoen aurrean sendo agertu nahi zuen Ampo Ordiziak. Eta hala egin zuen atzo, Cajasol Ciencias 43-24 mendean hartuta. Garaipenaz gain, erasoko puntu gehigarria ere lortu dute Axio Arañaren mutilek, sei entsegu egin baitzituzten. Hala, laugarren postuari sendo eusten diote, liga erregularra bukatzeko hiru jardunaldi eskasen faltan.
Bi taldeek aurrealdean ondo kokatuta ekin zioten norgehiagokari, zein baino zein, eta Ordizia izan zen lehena aurkariaren defentsa hausten, zigor entsegu batekin. Espainiarrek berehala berdindu zuten partida, Ordiziak defentsan egindako huts bati esker (7-7). Etxeko taldeak kuraia baduela erakutsi zuen, eta Marshallek eta Tudelak sartutako entsegu banari esker, 21-7 joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatiko lehen hogei minutuetan zigor kolpe batzuk tartekatu ondoren, Joanes Aierbe kapitainak lortu zuen laugarren entsegua, eta ondoren Huxforden eta Sillsen beste entsegu bana iritsi ziren (43-10). Azken minutuetan bi entsegu lortuz txukundu zuten markagailua Sevillakoek.