Zumarragako Arcelor Mittal siderurgia multinazionaleko lantegian negoziaketa mahaian ari dira langile batzordeko ordezkariak eta zuzendaritza. Gaur bildu da mahaia eta etzi berriz bilduko dira. Gaurkoan luzeak egiten dituzten ArcelorMittaleko lantegi guztietako langile batzordeek aho batez onartutako proposamena eraman diote enpresaren zuzendaritzari: soldatak bi urtean izoztu eta lanaldiari igoerarik ez ezarri; lan hitzarmena bi urtekoa izatea eskatu diote.
Emarrock ekimena eta Zuloak dokumentala direla eta, azkenaldian zeresan handia ari dira ematen emakume musikariak. Goierrin ere badira neskez osatutako musika taldeak. Horietako bat da Dhuna. Talde hori Irati Badiola zegamarrak, Nerea Iztueta gabiriarrak eta Ane Arrieta segurarrak osatzen dute. Hiruak 1988koak dira, eta lagunak aspalditik. Badiola zegamarra da taldeko alma materra. 16 urte inguru zituenean hasi zen lehen kantak sortzen eta bakarlari bezala kontzertu pare bat egin ditu azken urteetan. Iazko udan beste bi neskekin batu eta etxeetan entseguak eginez hasi ziren esperimentatzen, bakoitzak jotzen zekien instrumentuetatik, talderako egokienak aukeratuz. Horrela sortu zuten Dhuna taldea.
Amaitu da Martxoan Bertsoa txapelketa herrikoia. Hainbat kanporaketa jokatu ostean, edizio honetako hiru talderik onenak aritu ziren ostiral iluntzean egin zen finalean, lepo bete zen gaztetxeko taula gainean. Azkenean, eta aurreikuspenak betez, Itziar Pildainek, Amaia Iturriotzek eta Maialen Akizuk osatutako Kontuz atsuak taldea izan da epaimahaiaren iritziz aurtengo onena. Txapelketa herrikoiaren historian, finala irabazten duen neskez osatutako lehenengo taldea izan da.
Emaneurre taldeak antolatuta, asteburu betea izan dute Ordizian. Kirolaren inguruko ekitaldi sorta prestatu baitzuten. Taldeak bere webgunean azaldu duenez, asteburu kulturalak "sekulako arrakasta" izan du. Horren adibide da, garagardo dastaketan, bertso afarian eta Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketan txartel guztiak saldu izana. "D'elikatuzeko gunea txiki geratu da, garagardo katan eta Zuhaitzen bakarrizketan, jendeak kanpoan geratu behar izan du". Larunbatean, "harri, hor, ar" txapelketa egin zuten, eta gauean afaria sagardotegian, bertso eta trikiti doinuekin lagunduta. Argazki eta bideo bilduma honetan bildu dituzte Emaneurre taldekoek asteburuko ekitaldien irudiak.