Gazteria Libre egunean, gazte erakundeetako inputatuei babesa eman diete Idiazabalen
Idiazabalgo eta Zaldibiako gazte taldeak Gazteria Libre eguna ari dira ospatzen, gaur, Idiazabalen. Ezker abertzaleko gazte erakundeen aurkako auzian —urrian hasi zen, Espainiako Auzitegi Nazionalean— inputatuta dauden gazteei elkartasuna adierazi diete. Sumario horretan dauden Goierriko bi lagun, Jon Telleria idiazabaldarra eta Xumai Matxain zaldibiarra, festan izan dira.
Goizean Idiazabalgo txistulari taldeak goiz eresia jo du, kalerik kale —taldeko kide da Telleria—. Ondoren, haurrentzat jolasak jarri dituzte, plazan, eta eguerdian bi herrietako herri-kirol taldeen arteko desafioa hasi da. Zaldibiako jaietako Aske Egunean jokatu zuten demaren ordaina izan da. Herri kirol saio konpletoa egin dute, hainbat jardueratan: trontza, aizkora, harri jasotzen, txingak, lokotx biltzen, lasto altxatzen, ingudearekin, sagarrak kizkiarekin biltzen, arto aletzea, giza proba eta korrika.
Bazkaria Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan izango da, 15:00etan. Arratsaldean ekitaldia izango da, eta gauean musika kontzertuak.
Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen aurkako epaiketa urriaren 14an hasi zen, Madrilen. 40 inputatu daude. Jon Telleriak gaur esan duenez, lehenengo egunetan saiatu ziren epaiketa “lekuz eta garaiz kanpo” zegoela adierazten. “Ordura arte esaten ari ginena erakusteko modua izan zen, Iruñean Luis Goñiren atxiloketatik joan ginen eta. Lehen bi-hiru egunak gogorrak izan ziren, torturatu zutenek testigantzak eman zituztelako. Ikusi dugu epaitegiak badakiela jendea torturatu egin dutela, eta torturaren esistentziaren berri badutela nabarmena da. Epaile batek gure abokatuari esan zion, korridoreetan, pixka bat lotsatuta zegoela, zer gertakari izan diren ikusita. Gure ikuspegitik hipokrisia ere bada hori, eurek ahalbidetu dutelako hori”. Torturak leporatzen dizkieten poliziek deklaratu behar zutenean, auzi-aretotik kanpora joateko baimena ematea, “aitormen” bat bezala ikusi du Telleriak.
Hala ere, tortura egon dela zeharka aitortu arren, auzia bertan behera ez uztea deitoratu du Telleriak. “Instrukzioan tortura egon dela baldin badakite, edozein estatu normaletan dena bertan behera utziko zuketen. Gu kanpoan utzi eta segi egin dute, eta oso larria iruditu zaigu, torturatzaileen hitza kontuan hartzea gure aurkako akusazio bezala”.
Auzia “aukera bat” izatea nahi dute, “gauza hauek lekuz kanpo daudela esateko. Epaiketen aurka jendearen gehiengo zabal bat dago, gurekin ados daudenak eta ez daudenak. Ideia da ea arrazoi hori indar nola bihurtu, eta epaiketan geratzen diren asteetan horretan saiatuko gara”. Epaiak “absoluzioa” izan beharko lukeela berretsi du.