«Berdintasun egoera faltsu bat sortu dugu, eta arriskutsua izan daiteke»
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna izango da datorren astelehenean, azaroaren 25ean. Aurora Iturrioz (Ordizia, 1978) Urola Garaiko Mankomunitateko berdintasun teknikariaren iritziz, arazoa konpontzetik urruti dago oraindik eta, horregatik, beharrezkoa da, batez ere, prebentzioaren alorrean lan egitea.
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna izango da datorren astelehenean, azaroaren 25ean. Aurora Iturrioz (Ordizia, 1978) Urola Garaiko Mankomunitateko berdintasun teknikariaren iritziz, arazoa konpontzetik urruti dago oraindik eta, horregatik, beharrezkoa da, batez ere, prebentzioaren alorrean lan egitea.
Izatez, ekonomian lizentziatua zara. Nolatan zaude orain, berdintasunaren alorrean lanean?
Enpresa aholkularitzan lan egin izan dut, baina aholkularitza hori emakume elkarteekin ere egin izan dut sarri. 19 urte nituenetik beti izan naiz emakume taldeetako partaide, Bizkaiko Emakumeen Asanbladan, adibidez. Gaur egun Donostiako Emakumeen Etxea elkarteko kidea naiz.
Eta gainera, Urola Garaiko Mankomunitateko berdintasun teknikaria ere bai.
Berdintasun teknikari bezala aritzeko beharrezko formazioa ere badaukat. Formazio hori, batez ere, gizarte mugimenduetatik eta parte hartze oso aktibotik jaso dut. Gaur egun instituzioetan berdintasuna lantzea mugimendu feministaren lorpen bat bezala ikusi behar da. Nire ustez, instituzioek egindako lana aitortu beharko lioke mugimendu feministari. Izan ere, ezinezkoa da berdintasun politikak egitea, mugimendu feministari bizkarra emanez.
Hala ere, administrazioaren berdintasun politikek eta mugimendu feministek talka egin dute sarritan.
Gauzak egiteko moduak ezberdinak dira, eta sarri adostasun falta bat egon da mugimendu feministaren eta administrazio publikoaren artean. Dena den, biak elkarren osagarri dira; are gehiago, kaleko mugimendu feminista administrazioaren motorra dela esango nuke. Ideia feminista berriak kaletik datoz, bertan egiten diren aldarrikapenak eta hausnarketak bere egiten ditu askotan administrazioak.
Zer da, batez ere, molestatzen zaituena?
Une honetan mugimendu feminista hausnarketa bat egiten ari da. Sarri, sakontasun askorik gabeko aldarriak egiten dira, berdintasunari buruzko diskurtso politak helarazten zaizkio gizarteari, hainbat jarrera sexista berdintasuna bailiran agerraraziz. Askotan, gazte askok dituzten portaera sexistek harritu egiten gaituzte, baina hori da ikasten dutena. Berdintasun egoera faltsu bat sortu dugu, eta hori oso arriskutsua izan daiteke.
Gazteen jarrera sexista aipatuta, azken urteetan indarkeria sexistagatik salaketak jarri dituztenen %30 hogeita sei urtetik beherako neskak izan dira.
Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko datuak dira horiek. Egitura sexista duen gizarte batean bizi gara, eta hori da arazo guztiaren muina. Gizonezkoak eta emakumezkoak desberdinak gara gure artean, baina hori ez da arazoa. Arazoa da egiturazko bereizketa bat ematen dela. Jende gazteak ere oso barneratuta du egitura sexista hori eta, ondorioz, normaltzat hartzen ditu bereizketara daramaten zenbait jokaera.
Heziketa kontua da orduan.
Bizi garen gizartean emakumeak eta gizonezkoak balio ezberdinetan hezten gaituzte. Gizonezkoa emakumezkoaren gainetik dago zentzu askotan. Oraindik ere emakumea da etxean lan gehiago egiten duena, lan munduan kontratu kaskarragoak dituena, eraso sexista gehiago jasaten dituena… Adibidez, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban amatasunagatik jardunaldi murriztua dutenen %84 emakumezkoa da oraindik, edo 2011ko errentaren gaineko zergaren aitorpenean emakumeen lan etekina gizonezkoena baino %40 txikiagoa izan zen. Egitura sexista batean bizitzearen ondorioak baino ez dira horiek.
Emakumeekiko indarkeria ere egitura sexista horren barruan ulertu behar da, hortaz?
Noski. Dena den, indarkeria mota askotakoa izan daiteke, jipoi batetik harago doan arazo konplexuagoa da. Indarkeria sexista kontzeptua erabiltzen dugu, adibidez, edozein emakumeek jasan dezakeen indarkeria mota bat izendatzeko. Bortxaketa bat, jazarpena… Genero indarkeria, aldiz, bikote harremanaren esparruan ematen dena da. Horren baitan, indarkeria ekonomikoa, indarkeria soziala eta indarkeria fisikoa eman daitezke. Kasu batzuetan guztiak batera ematen dira, beste batzuetan, ez dira, adibidez, eskuetara iristen.
Aipatu duzuen egitura sexista dago, beraz, guztiaren oinarrian.
Egitura sexista horretan eragitea lortzen badugu, indarkeria mota guztietan eragitea lortuko dugu. Oso prozesu luzea da, baina administrazioak baditu lanerako hainbat tresna. Esate baterako, Goierri garaian prebentzioa lantzeko bi egitasmo ditugu une honetan martxan: Jabekuntza Eskola eta Beldur Barik egitasmoa.
Lehenengoa emakumeei zuzenduta eta bigarrena gazteekin lan egiteko balio duena.
Jabekuntza eskola emakumeei zuzendutako espazio bat da. Egitura sexistaren inguruko hausnarketa bultzatzen da bertan, emakumeei kritikoak izateko, hobeto bizitzeko, parte hartze sozio-politikoan aritzeko baliabideak eskaintzen zaizkie. Eta Beldur Barik hezkidetza programa bat da, gazteekin, gazte hezitzaileekin eta ikastetxeekin elkarlanean garatzen duguna.
Orain urte bete erakundeen koordinaziorako protokoloa ere sinatu zenuten.
Indarkeria sexista pairatzen duten emakumeei arreta hobetzeko tresna bat da. Ezkio-Itsasoko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako gizarte zerbitzuek, udaltzainek, Ertzaintzak eta Osakidetzak sinatutako hitzarmena da. 2014rako eskualdeko indarkeria kasuen datuak biltzea da helburua, dugun errealitatearen argazki bat egin eta lanean jarraitzeko.